Beasain

Prentsa Aretoa

2021/10/13

Udal barrutien gaiari osotasunean helduko diogu 2/2003 Foru Arau berrikusiz

Saioa Bandres: “Gipuzkoako udal barrutien aldaketari berme juridiko guztiekin ekin behar zaio, eta, horretarako, lantalde edo ponentzia bat sortzea proposatu dugu”

rss Ezagutzera eman
Udal barrutien gaiari osotasunean helduko diogu 2/2003 Foru Arau berrikusiz

ARGAZKIA JAITSI

“Itsasok eta Angiozarrek planteatutako gaiari heltzea eta haien asmoei erantzutea beharrezkoa dela deritzogu, baina gure ustez ez dugu gai bakoitza modu bereizian landu behar. Gaia bere osotasunean aztertu behar dugu 2/2003 Foru Araua berrikusiz, errealitate desberdinetara egokitzeko. Berrikuspen horrek, proposatutako aldaketei berme juridikoa eman eta aldi berean, gaiari buruzko hausnarketa prozesua abian jarriko du, Batzar Nagusietan sortutako lantalde edo ponentzia baten bidez”, adierazi du EAJ-PNV batzarkide Saioa Bandresek, gaur Batzar Nagusietan eztabaidatutako Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Araua aldatzeko proposamenari buruz. “Gaur eztabaidatutako bi proposamenek gai bererako bereizitako bi irtenbide proposatzen dizkigute: tokiko erakunde txikiak eratzeko biztanle-kopuruaren baldintza egokitzea, alegia. Guk, aldiz, gaiari modu bateratuan heldu behar zaiola uste dugu”.

Saioa Bandresek azpimarratu du, “Gipuzkoako udal barrutien aldaketari berme juridiko guztiekin ekin behar zaio, eta, horregatik, prozesua aurrera eramango duen lantalde edo ponentzia bat sortzea proposatu dugu”.

Azkenik, EAJ-PNVko ordezkariak gure autogobernua defendatzeko beharra aldarrikatu du. “Gipuzkoako udal barrutiak bezalako gaiek agerian uzten dute beste behin, gure autogobernua eta gure erakundeen araugintza independentzia defendatzeko eta babesteko beharra, gure ongizate sozial eta ekonomikorako duen garrantziagatik” amaitu du.