Beasain

Prentsa Aretoa

2025/07/05

EAJ-PNV Euskadi eraikitzeko lanean ari da, EH Bilduren zero baturaren estrategiaren aurrean

EAJ-PNVk Euskadiren eraikuntza nazional eta sozialaren alde lan egiten duen bitartean, estatu egitura propioekin, EH Bilduk bere zero baturaren estrategiarekin nahiago ditu arazoak konponbideak baino eta Espainian, berriz, dena lokazteko ahalegina baino ez dago

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNV Euskadi eraikitzeko lanean ari da, EH Bilduren zero baturaren estrategiaren aurrean

ARGAZKIA JAITSI

Gaur Ataunen ospatu den Goierriko Alderdi Egunean, Gipuzkoako EAJ-PNVk Fermin Arrese, hainbat hamarkadatan herriarekin eta alderdiarekin izan duen konpromisoagatik omentzeko eta eskertzeko ekitaldia egin du. Ekitaldian militante abertzale historikoaren ibilbidea errepasatu duen bideo bat proiektatu da, eta Andres Arizkorreta CAFeko presidenteak eta Bittor Oroz Ataungo Uri Buru Batzarreko presidenteak hitza hartu dute.

Omenaldia amaituta, Euge Arrizabalaga Olaizola, Gipuzko Buru Batzarreko presidentea EAJ-PNVko kide eta jarraitzaileei zuzendu zaie.

Bere hitzaldian, "ongi ulertutako harrotasuna" azpimarratu du, "Arrese bezala, Alderdiaren proiektu politikoaren parte izan diren eta diren pertsona guztiek sentitzeko eskubidea dutena", izan ere, "EAJ-PNVk asmatu egin du herriaren apustu estrategikoetan, eta hala jarraitzen du". Asmatu egin du, hasieratik bide politiko eta demokratikoen aldeko apustuan, gure erakundeen eta euskal autogobernuaren etengabeko defentsan, berrikuntzan eta lehiakortasunean oinarritutako eredu ekonomiko-industrialean, Euskadiko eredu sozial justu eta aurreratuan eta euskararen normalizazioan adierazi du.

Arrizabalagak EAJ-PNVk aplikatzen duen formula "arrakastatsua" aipatu du: "komunitatearekiko konpromiso argia, helburuak argi izatea, etengabeko hobekuntza aplikatzea, modu eraginkorrean lan egitea eta auzolanaren eredua".

Hitzaldiaren zati handi bat EAJ-PNVren eta EH Bilduren arteko desberdintasun handienetako bat nabarmentzera bideratu da. Arrizabalagaren hitzetan, EAJk konpromiso argia du planteatzen diren erronka eta arazoei irtenbideak bilatzeko. Akatsak ere egiten dituztela onartu ondoren, euskal herritarrentzat garrantzitsuak diren gai guztietan aurrera egiteko etengabeko borondatea dutela azpimarratu du. Aldiz, EH Bilduk "arazoak konponbideak baino nahiago" dituela ohartarazi du. “Egiazkoak izan ala ez, arazoekin `giro txarra´ sortzean lortzen duten errenta politiko elektorala jendeak behar dituen benetako konponbideekin konprometitzearen aurretik jartzen dute”, azaldu du. “Arazoekin etekina lortzen dute”, amaitu du. Adibide gisa, Osasun Itunaren prozesua aipatu du. Zentzu horretan, EH Bilduk errefusatu izana deitoratu du, hamar hilabeteko lanaren ostean adituek lortu dituzten adostasun zabalak mespretxatuz.

GBBko presidenteak Arnaldo Otegiren esaldi bat aipatu du, eta harekin ados dagoela esan du: "Abertzaleok ezin gara zero mailako jokoetan ibili". Hala ere, bere ustez, EH Bildu da beti zero baturaren estrategia bere posizionamenduarekin aplikatzen duena, "berdin dio Osasun Ituna, erreforma fiskala, Gipuzkoako aurrekontuak edo Donostiako Metroa izan".

Arrizabalagak Espainiako egoerari buruz hitz egiten amaitu du hitzaldia, non "gezurrekin zein egiekin dena lokazteko ahalegina baino ez dago". Ironiaz aipatu ditu Jose Maria Aznarren hitzak ("egin dezakeenak egin dezala"), panorama ikusita, arrakasta izan dutela ondorioztatzeko. "Ikusiko dugu zer dioen Pedro Sanchezek hilaren 9an", gaineratu du.

Nolanahi ere, eta egoeraz jabetuta, EAJ-PNVren helburu politikoa berretsi du: "Euskadiren eraikuntza nazionala eta soziala". Helburu horrekin, estatu egitura propioak lortzeko baldintzak sortzeko beharra azpimarratu du. Ildo horretan, EAJ-PNVko militantziak, Espainiarekin harreman-paradigma berri bat lortzeko beharrari buruz "pedagogia" egin behar duela azpimarratu du. "`Espainian´ akordioak lortzetik `Espainiarekin´ egitera igaro behar da, eta hori, gaur ez bada bihar, lortuko dugun Estatus Berri baten bidez” amaitu du.

Afiliatu eta jarraitzaile jeltzaleak omenaldian izan dira, EAJ-PNVko barne karguekin eta kargu publikoekin batera. Legebiltzarreko presidentea, Bakartxoa Tejeria, Gipuzkoako ahaldun Nagusia, Eider Mendoza, Leire Artola eta Kepa Zubiarrain, Beasain eta Lazkaoko alkateak hurrenez hurren; Maribel Vaquero, Euskal Taldearen bozeramailea Kongresuan, Joseba Egibar, EBBko burukideak, Markel Olano eta Ion Gambra, GBBko burukideak… besteak beste, Fermin Arrese omentzen izan dira.

  Berri ikusiagoak...