Beasain

Prentsa Aretoa

2019/01/31

Esperientzia eta berritasuna uztartzen dituen hautagaitza aurkeztu du Beasaingo EAJk ekindako bideari jarraipena emateko

Halaber, 5 konpromiso zehatz hartu zituzten jeltzaleek etorkizuneko erronkei aurre egin, beasaindarren behar eta eskariei erantzuna ematen jarraitu eta alor ezberdinetan herritarrei aukera berriak eskaintzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Igartzan ospatu zen ekitaldian aurkeztu zuen egungo Beasaingo alkateak eta datozen udal hauteskundeetarako EAJren alkategaiak Aitor Aldasorok bere lan taldea. Banan banan izendatu zituen guztiak, baina aurretik eskerrak eman nahi izan zizkien legealdi honetan berekin lanean aritu diren eta pauso bat aurrera eman eta taldera batu diren kide berri guztiei. Hautagaitzari bere babesa azaldu nahi izan zieten, baita ere, EAJko Gipuzkoako diputatu nagusia izateko hautagaiak, Markel Olanok, eta Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek.

Bere aurkezpen ekitaldian esan zuen bezala “berriz ere alkategai izateko erabakian pisu handia izan du 4 urte hauetan nirekin lanean izan diren lankide eta lagunen babesa izateak. Esperientzia bezain garrantzitsua da berritasuna talde honek etorkizunean jarraipena izan dezan. Hori dela eta, profil ezberdinetako pertsonak eta pertsona berriak eta gazteak gehitu ditugu taldera.  Beraz, gaztetasuna, berritasuna, esperientzia, ilusioa, lanerako gogoa eta helduenen esperientzia eta babesa uztartzen dituen hautagaitza talde sendoa osatu dugu” adierazi zuen Aldasorok.  

Alkategaiaren hitzetan, “legealdi honetan hainbat eta hainbat egitasmo eta proiektu abiaraztea lortu dugu, baina etorkizunera begira ere, etorkizuneko erronkei aurre egiteko ideia eta proiektu berriak ere baditugu”. “Beraz, ekindako bideari jarraipena emateko gogoz gaude, hautagaitza talde sendoa izateaz gain, talde lanean garatutako herri proiektu sendoa ere badugulako eta herri proiektu horren parte sentitzen garelako” esan zuen Aldasorok.

GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek, “konformismoan” ez erortzeko deia egin zien alderdikide zein herritarrei eta adierazi zuen herrigintzak “konpromisoa, jarraikortasuna eta ardura” eskatzen duela, hain zuzen ere, EAJk gizarteari “etenik gabe” eskaintzen dizkion hiru balio. “Gure alderdiak lidergoa erakutsi du bere historian. Liderra ez da ezkutatzen. Markatu behar du bidea, ekonomian, gizarte babesean eta alor guztietan”. DBEren inguruan Eusko Legebiltzarrean indarrean den eztabaida ahotan hartuz, galdetu zuen “ea non zeuden orain dela 25 urte gaur egun hainbeste larritasunekin gai honi heltzen diotenak, non zeuden gizarte babeseko euskal eredua garatu zenean?”. “Herri honen eraikuntzak eskatzen du momentu guztietan hor egotea, ez modu intermitentean. Hori alderdiak bakarrik eskaini dezake”, gaineratu zuen.

Ezker abertzalea aipatuz, berriz, Egibarrek esan zuen “ongietorria” dela bide demokratikoetara, baina gogorarazi zuen horrek “gogoeta etikoa” eskatzen duela “sinesgarria” izan dadin. “Hortik aurrera, beharrezkoa da errespetua. Lehia bai, baina elkarlana ere bai. Nazio eraikuntzan bide bat egin dezakegu, baina lehentasunak jakinda zeintzuk diren”, gaineratu zuen.

Diputatu nagusi gisa legealdi berri batez aritzeko hautagaiak, Markel Olanok, EAJko zerrendakideek herriari eta lurraldeari dioten “maitasuna” nabarmendu zuen, “horregatik hartzen dugu hautagai izateko konpromisoa”. Olanok aldarrikatu zuenez, Beasainek eta Gipuzkoak “etorkizun oparoa” dute aurretik, baina horretarako gizarteak dituen “desafioei aurre egin behar zaiei, herritarrekin elkarlan dinamikak sortuz”. “Izateko modu bat dugu gipuzkoarrok, eredu propio bat. Gizartearekin bat eginez etorkizuneko desafioei heldu behar diegu, pertsonak erdigunean jarriz eta gure apustuak eginez. Eta horretan jarduteko konpromisoa hartzen dugu”, hitza eman zuen.

5 konpromiso zehatz, etorkizunari aurre egiteko

Aitor Aldasorok eta bere taldeko 4 kideek, Malu Vallesek, Elena Ruizek, Leire Artolak eta Xabi Matarranzek, egungo lan ildo nagusiei jarraiki, datozen 4 urteetarako konpromiso zehatzak hartu eta azaldu zituzten atzoko ekitaldian.

Pertsonak ardatz izango dituztela hitz eman zuten eta beraz, pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko konpromiso zehatzak hartu zituzten:   

  1. Tokiko jarduera ekonomikoa eta enpleguasustatzen jarraitzea, pertsonen ongizate, autonomia, duintasunaren berme modura.
  2. Gizarte politika eraginkorrak eta adineko pertsonen ongizatea sustatzen jarraitzea, prebentzioari garrantziari emanez eta bakardadeari aurre egiteko programa ezberdinen bitartez.
  3. Nortasunari lotuta, kirola, kultura eta euskara sustatzen jarraitzea, herritarrei aukera berriak eskainiz, Beasain herri biziagoa izan dadin lortzeko.
  4. Herri atsegina eta irisgarria eraikitzen jarraitzea, pertsonen beharrei erantzunez eta mantenu lanei garrantzia berezia emanez, landa auzoak ahaztu gabe.
  5. Gobernu ona, kudeaketa eraginkorra, gertutasuna eta partaidetza oinarri hartuta lan egiten jarraitzea, eraginkorragoak izaten lagunduko diguten tresna berriak martxan jarriz.

Amaitzeko, ekindako bideari jarraipena emateko prest daudela eta horretarako, talde sendoa dutela nabarmendu zuen Aldasorok. “Argi dugu zer nolako herria nahi dugun etorkizunean, eta bide hori, orain arte bezala, herritarrekin egingo dugu, momentuko beharrei eta eskakizunei erantzunez, baina etorkizuneko erronkei ere helduz” amaitu zuen EAJren alkategaiak, Aitor Aldasorok.

Aberri Eguna 2019
Next Euskadi
Alderdi Eguna 2018