Beasain

Prentsa Aretoa

2017/12/15

Tokiko merkataritza dela herriko elementu dinamizatzailerik nagusietarikoa berretsi dute jeltzaleek

Herriko saltokien inguruan hausnartzera eta Eguberrietako erosketak tokiko merkataritzan egitera gonbidatu dituzte jeltzaleek herritarrak, izan ere, EAJ-PNVren ustetan horrek herriko kaleei bizia ematen dieten bertako saltokiak babesten lagunduko du, Beasainen bizi garen guztion mesedetan.

rss Ezagutzera eman

Azken urteotan tokiko merkataritzaren egoera eta etorkizuna asko zaildu da merkataritza gune handiak eta internet bidezko salerosketak direla eta. Gainera krisiak ere eragin zuzena izan du sektore honetan.

Jeltzaleen aburuz, bertako saltokiek onura esanguratsuak eragiten dizkiete bai herriari eta baita herritarrei ere. “Sarritan ez gara konturatu ere egiten zein garrantzitsuak diren saltoki, denda, jatetxe eta tabernak herrian. Beasainen, gainerako herrietan bezalaxe, giza harremanak harreman komertzial horien baitan egituratzen dira. Beasain saltokirik gabe zer izango litzatekeen erakuste asmoz, merkatariek beren erakusleihoak beltzez jantzi zituzten bizirik ez duen herria irudikatzeko” azaldu dute EAJ-PNVtik.

Dudarik gabe merkataritza dela herriko elementu dinamizatzailerik nagusietarikoa berretsi dute jeltzaleek, kaleei giroa eta bizia ematen baitiete bertako saltokiek. “ Horregatik, guk beti egin dugu lan tokiko merkataritzaren, azokaren eta bertako produktuen alde eta beti defendatu eta sustatu dugu tokiko kontsumoa” esan dute.

Eskualdeko Garapen Agentzia eta Beasaingo Udala tokiko merkataritza babestu eta sustatzeko ekimen ezberdinak gauzatzen ari dira, besteak beste, “Singular dendak” egitasmoa eta honen baitan eskaini diren formazio saioak.

Edonola ere, “tokiko merkataritzak bezeroak behar ditu bizirauteko, Beasaingo merkatariek behar gaituzte; gu, bezeroak, baikara haien berme bakarra. Horregatik, hain berezi eta esanguratsua den Eguberri garai honetan herritarrei tokiko saltokien inguruan hausnartzeko eta Eguberrietako erosketa eta opariak bertan erosteko gonbita luzatu nahi diegu. Babes dezagun gure herriko merkataritza, guretzat eta gure herriarentzat hain garrantzitsua dena, saltokiek gure kaleei eta herriari bizia ematen diotelako eta Eguberriez gain urte osoan zehar ere ekintza ugari antolatzen dituztelako” jarraitu dute.

“Guk argi dugu zein herri eredutan bizi nahi dugun eta nolako Beasain nahi dugun etorkizunean, pertsonak ardatz dituen herri bizia nahi dugu, merkataritza eta ostalaritzarekin eta kalean giroarekin. Ez dugu bizitasunik gabeko herririk nahi, horregatik gai hau lehentasunezkoa da guretzat, baina guztion esku dago bertako saltokien biziraupena. Aurtengo Gabonetan eros dezagun herrian, eros dezagun tokiko komertzioetan” amaitu dute.