Prentsa Aretoa
2017/06/19
Lehen bi urteak guztiz emankorrak izan dira Beasaingo Udal gobernuarentzat
Udal gobernu taldeak, berarekin zekartzan proiektuak aurrera eramateaz gain herritarren arazoei konponbidea ematen bete ditu agintaldiko lehen bi urteak. Udalak proiektu ezberdinetan aurreztutako 450.000 euroak eta lortutako diru laguntzak, 823.000 euro, kudeaketa onaren adierazle gisa azpimarratu ditu gobernuak. Baita, legealdi erdirako, legealdi osorako planean jasotako proiektuen %53a gauzatu edo martxan egotea ere.
Udal gobernua agintaldiaren erdira iritsi da. Lehen egunetik herritarren behar eta eskariei erantzutea izan da gobernuaren helburu nagusia, pertsonen ongizatea, enplegu sustapena, herri erosoagoa, atseginagoa eta herritarrei egokitutakoa eraikitzea eta Beasain gure kulturaren sustatzaile izatea ardatz estrategiko hartuta.
“Intentsitate handiko bi urte izan dira. Gogotsu ekin genion lanari eta dedikazio osoz dihardugu lanean herritarren interesen defentsan. Pozik gaude lehen bi urte hauetan egindako lanarekin, gure programan jasotako hainbat eta hainbat proiektu martxan jartzea lortu dugulako. Ez badirudi ere, proiektu bakoitzak sukaldeko lan handia eskatzen du, horregatik gogora ekarri nahiko nuke, egunerokotasunean eraginkorragoak izaten laguntzeko, udalean ezarri genuen egitura berria. Administrazio publikoak modu azkar eta eraginkorrean herritarren behar eta arazoei erantzuteko gai izan behar du eta horretan lagundu digu egitura berriak, erabakiak eztabaidatzeko, adosteko eta hartzeko denborak murriztu baititugu. Gardentasunaren aldeko urrats handia ere izan da, inoiz baino informazio gehiago partekatzen ari garelako. Udal lege berriak emandako eskumenak aprobetxatuz, oposizioari ere ordezkaria lanaldi osoz Udalean lanean izateko aukera ere eskaini zaio” azaldu du Aitor Aldasoro alkateak.
Aurreztutako dirua eta eskuratutako diru laguntzak, kudeaketa onaren adierazle
Bi urte hauetan nabarmentzekoak dira hainbat proiektuei egindako jarraipen zorrotz eta egokitzapenen ondorioz lortu diren emaitzak. Esaterako Baratze publikoen kasuan proiektu aldaketarekin, Ezkiaga auzoan egindako bi igogailuekin edo Astigarreta auzoko ur deposituaren proiektuaren aldaketarekin, guztira, 450.000 euro inguru aurreztu dira.
Bestalde, egindako kudeaketari esker hainbat diru laguntza eskuratu ditu udalak, 823.344 euro hain zuzen ere.
Herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzearen aldeko apustu eta lanaren adierazle ere izan da hirigintza sailean egindako kudeaketa lana. Agintaldia hasi eta geratuta edo konpontzeke zeuden arazoei irtenbidea eman zitzaien. Horren adibide izan ziren Oriamendi kaleko lanen likidazioa edota Esteban Lasa kalean egin ziren berurbanizazio lanek sortutako kalteen konponketa.
Legealdi planean jasotako proiektuen %53a eginda edo martxan
Martxan jarritako proiektuen erdia baino gehiago gauzatu dira. Garapen sozioekonomikoa bermatzeko, enpleguaren eta tokiko ekonomiaren sustapena lehenetsi ditu gobernuak. Martxan jarritako proiektuen arten ditugu, enplegu plana eta Ikolan-lanaldirekin hitzartutako langabetuentzako ikastaroak, dagoeneko 62 pertsonek izena eman dute eta 23k jaso dute formakuntza. Goiekiren bidez ere zenbait gai zehatzen inguruko formakuntza ikastaroak jarri ziren martxan orain amaitzear daudenak eta bestetik, ekintzaile berrientzako zerbitzu enpresa gunea ireki zen, Anezka. Larunbatetan eta lehen sektorearekin lotuta, garaian garaiko produktuen azoka berezia ezarri da, tokiko produktu eta ekoizleak balioan jartzeko.
Pertsonen ongizatea bermatu eta sustatzeko hainbat ekintza gauzatu ditu gobernuak: Agipaserekin famili barruko gatazken kudeaketarako aholkularitza zerbitzua jarri da martxan, baita ere Goiz Alzheimer gaixotasunaren atzemate goiztiarrerako tokiko programa, Ondo ibili ondo izan ohitura osasuntsuen aldeko jarduera eta honekin lotuta kirol kontsultategia Antzizar kiroldegian, Beasain Lagunkoia hirugarren adinekoen parte hartze programa herri eroso eta atseginago baten alde lan egiteko, Arangoitiko psikogeriatriako plaza berriak, jolas parkeen egokitzapena, kirola praktikatzeko makina berriak Barandiaran parkean eta kalistenia eremua kalean ariketa fisikoa egin ahal izateko.
Kultura sustatu eta indartzeko helburuari lotura, Beasain gure kulturalen sustatzaile eta nortasunaren adierazle izan dadin, egitasmo berri hainbat abiarazi dira: euskararen erabilera indartzeko hizkuntza errefortzu zerbitzuak jarri dira martxan Berritsu eta Txelotxen eta DBHeko ikasleentzat Udal Euskaltegitik eskaintzen da zerbitzua; Olaran birgaitzeko prozesuaren baitan ere lehen urratsak eman dira, Igartza Musika zikloa eta Igartza Musika beka sortu dira musikari berrientzat, Beasaingo dantza tradizionala sustatzeko dantzan.eus-ekin hitzarmena sinatu da eta beasain kultura APP berria ere aipatu behar da abian jarritako proiektuen artean. Ohitura eta tradizioei erantsiz, uztailean antzina ospatzen zen Astigarreta auzoko San Gregorio ermitako erromeria ere berreskuratu da.
Kulturarekin batera kirolean, Beasainen dauden kirol elkarte eta kirolari nabarmenei aitortza egin asmoz aipatzekoa da sortu diren Beasain Kirol Sariak. Kirolarekin lotuta ere behar nabari bati erantzunez Loinaz futbol zelaiko belar aldaketaren proiektua aurrera eraman da. Egungo baldintzek zelaiaren erabilera mugatzen zuten eta erabiltzaile kopuruaren eraginez beharrezkotzat jotzen zen etekin gehiago ateratzea azpiegitura honi. Irtenbidea belar aldatzean zegoen eta berehala hasiko diren lanekin konponduko da eskaera hori.
Herritarren beharrei egokitutako herria eraikitzeko helburuei jarraituz, Beasain, irisgarriagoa, erosoagoa eta azken batean atseginagoa bihurtzeko pausoak ematerakoan: Baratze publikoen proiektuari dagokionez erabilera eta izaera soziala lehenesteko helburua ere bete da. Izenemate garaian dago prozesua orain eta udazken hasieran gauzatua egongo da. Beasainen lehen txakur parkea ere sortu da Ezkiaga auzoan eta beste hiru aurreikusita daude.
Irisgarritasuna hobetzeko, Ezkiaga auzoen eraiki ziren bi igogailuak. Hasierako trabak gaindituta errealitate bihurtu dira eta kostuan aurreztu egin da. Honi gehitzen zaizkie kirol instalakuntzetan egindako hobekuntzak, hiri altzari eta lorategien mantenua, auzoetan egindako hobekuntzak, TAOrako jarritako APP berria, akupuntura urbanoaren bidez eremu degradatuak berreskuratzeko ekintzak, informaziorako panel itsu berriak, eta Erauskin plaza inguruko eremua oinezkoentzat egokitzeko froga martxan ipinita herritarren ikuspuntua biltzen ari da Udala hausnarketa prozesu bidez.
Informazioa herritarrei gerturatzeko asmoz eta gardentasunaren alde urratsak emateko webgune berria martxan jarri da.
Amaitzeko udal gobernu taldeak azpimarratu du adostasunean, gardentasunean, elkarlanean eta kudeaketa onean oinarritutako lan egiteko moduari helduz, herritarrekin hartutako konpromisoak betetzearen alde gogor lan egiten jarraituko duela, herritar guztiei aukera berriak eskaintzeko eta etorkizuna herritarrekin elkarlanean eraikitzen jarraitzeko.
Nabarmenak...
Goierri
2024/03/22
Goierri
2024/03/15
EBB
2024/01/27
Beasain
2023/11/07
Berri ikusiagoak...
Beasain
2023/05/03