Beasain

Prentsa Aretoa

2023/11/30

Jasangarritasuna eta tokiko garapena 2024ko aurrekontuen ardatz

“Urtetako zorroztasun eta zuhurtziak, ilusioz betetako aurrekontuak proposatzeko aukera eman digu. Aurrekontua 21.7M eurokoa izango da” adierazi du Leire Artola alkateak

rss Ezagutzera eman
Jasangarritasuna eta tokiko garapena 2024ko aurrekontuen ardatz

ARGAZKIA JAITSI

Leire Artola alkateak “eguneroko kudeaketan aurrera eramandako zorroztasunak, gogoa eta ilusioa pizten digun aurrekontua aurkeztera garamatza” esanez aurkeztu ditu udal gobernuak ondu duen aurrekontu proposamena. Etorkizunean garrantzi handiko proiektuak abian jarri ahal izango dira eta honen ondorioz, Beasain hobe bat izateko pausoak emango direla gaineratu du.

Hau guztiagatik, 2024rako aurrekontu-proiektua 21.796.075,50 eurokoa izango da. Aurreko agintaldian abiarazitako proiektuak eta orain aurrera begira hasiko direnak bateratuko dira, garapen jasangarriaren bidea sendotasunez urratuz, ingurumena errespetatzen duen udalerri gizatiarragoa eratuz. 

Herritarrak xede

Beasaindarren ongizatea eta bizi-kalitatean eragitea du abiapuntu udal gobernuak. Ongizate emozionalean begia jarrita, belaunaldien arteko harremanak sustatzeko gazteak eta adinekoak harremantzeko ekimenak jarriko dira martxan. Gazteei arreta jarriz, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko egitasmoa abiatuko du Udalak. Baita, gazteen beharrak atzemateko HUEZIko fakultateko graduko ikasleekin proiektu bat garatzeko proposamena luzatu du.  

Zahartze aktiboarekin lotutako proiektuek bere horretan mantenduko dira, gure adinekoen bizi-kalitatea prebentzioaren bidez hobetzeko. Exercita programa eta Euskadi Lagunkoiak adineko pertsonekin elkar-eragiteko jarraituko dute. Bizitza osasungarriagoa sustatzen duten programek belaunaldi gazteenei ere erreparatuko diete, eta elikadura-ohitura osasungarrienetara hurbilduko dituzte, tokiko eta sasoiko produktuen merkatua aitzakia hartuta. Honi lotuta, Gizarte Ongizateko Saila indartuta eta beharrezko zerbitzu guztiak aktibatuta mantentzen da. 

Kultura, nortasuna eta ondarea 

Kalitatezko kulturaren aldeko apustu sendoa eginez, ondare historikoa zaintzen duen orori zuzendutako laguntzak bere horretan darraite. Berriki parrokian aurkitu diren horma-pintura errenazentistak bistaratzeko lanei babesa ematen jarraituko die Udalak. Jai eta kultur ekitaldien programazioa aurrera eramaten duten tokiko eragile eta elkarteekin dauden hitzarmenak egonkortzen dira. Elkarte horiek, herria bizirik mantentzeaz gain, kultura, kirola eta gizarte elkarteen partaidetza sustatzen dute, eta horrekin, modu eraginkorrean laguntzen dute Beasaingo artearen zabalkundean eta tradizioen aberastasuna mantentzen eta Beasaingo gizartea dinamizatzen. Arana kalea biziberritzeko helburu horretan txertatuko da Bonberia kultur eraikinaren proiektua eta Gipuzkoa plazaren lotuko duen ibai-gaineko pasabidea. 

Euskarak, nortasun-ikur eta komunikazio-hizkuntza den aldetik, babestua izango da, arlo guztietan, honen ezagutza eta erabilera indartu dadin. Aittu euskara elkartearekin, ikasleentzako hizkuntza-errefortzuarekin edo Euskaltegiekin sinatutako hitzarmenak indarrean jarraituko dute. Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak izango dute protagonismoa, familietan, parkeetan, edo musika emanaldien bidez (Kantari saioaren grabaketa). Bide horretan Euskaltegiak lanketa berezia abina jarriko du ostalariekin lanean euskara erabili dezaten oinarrizko elkarrizketetan trebatzeko. 

Ekonomiaren sustapena

Kalitatezko enpleguarekin Udalak duen konpromisoaz gain, tokiko ekonomia indartsu mantentzea funtsezkoa du. Ahalegin horretan mantenduz, bertako azokaren eta merkataritzaren sustapenean eragiteko ekimen eta egitasmoak ez dute etenik izango 2024an. Larunbateko azoka berezian deskontu bonuak jaulkiko dira tokiko eta garaiko produktuen erosketa sustatzeko. Horretaz gain, azokaren irudia hobetzeko eta produktuak balioan jartzeko ekintzak eta kanpainak bultzatuko dira. Merkataritza sareari eta merkatariei zuzendutako formazioak, sentiberatze kanpainak eta ekitaldiak aurreikusi dira.

Espazio publiko atsegina eta kalitatezko zerbitzuak

Lurraldea sailetik proiektu bereziak koordinatuko dira, udalerriko espazio publikoa hobetu eta udal eraikinen eskaintzan aurrera pauso bat emateko. Urte hasieran San Inazio - Esteban Lasa kaleko eraberritze lanak hasiko dira, udalerriko arteria honi aldaketa sakona ekarriko diotenak ingurua  sozialki eta komertzialki biziberritzeko. Irisgarritasuna, bide segurtasuna eta gune atseginago bat bilakatzea dira proiektuaren ardatzak. Bestetik, Arana kalean, Bonberia kulturgune berria eraikitzen hasiko dira. Herriko kultur eskaintza eta sorkuntza sustatzeko topagune izateaz gain, arestian aipatu bezala, Bonberiak Arana kalea biziberritzea du helburu.

Halaber, hiriko argiak LED teknologiara aldatzeko inbertsio garrantzitsu bat burutuko da Antzizar eta Igartza inguruan. Legealdi amaierarako Beasaingo kale argiteriaren %100 LED teknologiara aldatzea helburu duen esku-hartzearen lehen fasea izango da. Aldi berean, Gudugarretako industrialdea eta Salbatore arteko bidegorria argiztatuko da oinezko eta bizikleta erabiltzaileen erosotasun eta segurtasunerako.

Ingurumenaren zaintza eta mugikortasun jasangarria

Antzizar kiroldegian kontsumitzen den ura berotzeko Fundiciones del Estanda enpresaren bero soberakina aprobetxatzeko proiektua izango da ekimen aintzindarietako bat. Gainera, esku-hartze hau egiteko lanak baliatuz, Aldundiarekin lankidetzan Antzizarreko biribilgunea egikarituko da. Bestetik, Loinatz udal futbol-zelaiko harmailen estalkian plaka fotovoltaikoak jartzeari esker udal-eraikinak autohornitzeko energia berriztagarria lortzeko helburua osotasunean beteko da.

Mugikortasun jasangarriari dagokionez, osasun etxea eta Olaberria lotuko dituen Oriako Bide Berdeak oinezko eta bizikletentzako lotura berri bat eskainiko die herritarrei. Halaber, Bizikleta alokairu-publiko zerbitzua ere martxan jarriko da, Beasaingo gune nagusiak garraiobide honen bitartez egitea erraztuko duena. 

Horrekin guztiarekin, udal gobernuak aurrekontuen proiektua eta mugarririk garrantzitsuenak jakinarazi dizkie gainerako udal taldeei, eta horri buruzko galderei erantzun die. Hemendik aurrera, taldeek ekarpenak egin ahal izango dizkiote Gobernu Taldeak 2024rako egin duen udal kontuen proiektuari, abenduaren 5ean egingo den Udalbatzaren osoko bilkuran onartzeko aurkeztuko den azken dokumentuari gehitzeko.