Prentsa Aretoa
2023/11/07
Beasain Europar Batzordearen mugikortasun jasangarria bultzatzen duen CIVITAS hiri-sarera batuko da
2002an abian jarrita, Europar Batzordeak sustaturiko programa bat da CIVITAS ekimena, mugikortasun eta hiri eredu jasangarrien aldeko ekimenak saretu eta bultzatzeko
Ingurumena gehiago babestuko duen udalerri jasangarriago eta garbiago baten alde, hiri-mugikortasunean urratsak emanez darrai Beasaingo Udala. Azken erabakia, iragan osoko bilkuran hartu zuen aho batez CIVITAS adierazpena onartzean. Beasain honela, europar programa honetara batzen den Euskal Autonomia Erkidegoko bosgarren udalerria izango litzateke hiru hiriburuak eta Irunen ondoren.
Mugikortasun eredu eta teknologia berriak, udalerriek klima-krisiari aurre egiteko dituzten tresna garrantzitsuenetako bat dira. Beasainen kasuan garrantzitsuena. Izan ere, 2023an Udalak osatu duen Energia eta Klima Aldaketaren Aurkako planarekin bat, beasaindarrok isurtzen ditugun berotegi efektuko gasen %73 zuzenean mugikortasunarekin lotuta daude, alegia, ibilgailu pribatuaren gehiegizko erabilerarekin.
Errealitate honen aurrean, udal gobernuak 2023-2027 legealdiaren lehentasunetako bat bezala ezarri du mugikortasun jasangarria ahalbidetuko duten azpiegiturak bultzatu eta herritarren artean desplazatzeko ohituren aldaketarako pedagogia ekintzak martxan jartzea. Hain zuzen ere, testuinguru honetan eman da Beasaingo Udala Europar Batzordearen CIVITAS ekimenari atxikitzea.
CIVITAS hirien sarea
CIVITAS ekimena, 2002an Europar Batzordeak mugikortasun eta hiri eredu jasangarrien aldeko ekimenak saretu eta bultzatzeko abian jarritako programa da. Erakunde europarraren ekimenen ikurretako bat da herrialdeko 350 hiri baino gehiago biltzen dituena.
CIVITAS ekimenak mugikortasun jasangarria bultzatzeko irtenbide berritzaileak probatu eta hedatu nahi dituzten duten hiriak babestea du helburu. Programa hau Europako Mugikortasun eta Garraio Zuzendaritza Nagusiak (DG MOVE) finantzatua da eta proiektuaren inplementazioa Europako Klima, Azpiegitura eta Ingurumen Agentzia Exekutiboak (CINEA) gainbegiratzen du.
Helburuak eta konpromisoak
Helburu nagusien artean, egitasmo honek lau azpimarratzen ditu: Garraiobide jasangarrien banaketa modala handitzea lortzea, mugikortasun aktiboa eta partekatua handitzea, hiri jasangarritasunaren politikak garatzeko beste hiri batzuekin elkarlanean aritzea eta guzti honetarako metodo integratu bat jarraitzea.
Atxikitzearekin, ekimenaren estrategia eta helburuak aktiboki babesteaz gain, Beasainek komunitateko kide gisa hainbat konpromiso hartzen ditu. Besteak beste, hiriaren ordezkari bat CIVITAS foroaren hitzaldietara joango da eta udalerriko mugikortasun politika, ekimen eta teknologiei buruzko informazioa CIVITAS web plataformara igoko da.
CIVINET Iberia
CIVINET-ak hiri eta erakunde garrantzitsuenen sareak dira, CIVITAS-en hiri-mugikortasun iraunkorraren ikuspegia sustatzen dutenak. Eskualdeen arabera bereizita eta hizkuntzaren arabera multzokatuta, CIVINETeko kideak elkarrekin lan egiten dute, bai Europan bai nazio mailako garraio politikan, legedian eta finantzaketan parte hartzeko. Iberiar penintsularako 2023an osatu berri den sarea CIVINET Iberia da, bertako ordezkarien artean Beasaingo Udaleko Lurraldea saileko burua aurkitzen da, Adur Ugartemendia.
Pasa den urriaren 3an Iberiar penintsulako CIVINET enabaxadoreen lehen bilera egin zen Sevillan, Urban Mobility Days 2023 kongresuaren bezperan. Bertan ikuspegi desberdinak elkarbanatzeaz gain, Beasaingo Udala mugikortasun eta hiri-eredu jasangarriaren arloan martxan jartzen ari den egitasmoen berri emateko aukera izan zuen Ugartemendiak.
Nabarmenak...
Goierri
2024/03/22
Goierri
2024/03/15
EBB
2024/01/27