Beasain

Prentsa Aretoa

2023/05/03

Esperientzia, berrikuntza eta aniztasuna uztartzen dituen hautagaitza plazaratu du Beasaingo EAJk

“Industria eta ekonomia sustatzea, pertsonen ongizatea babestea eta etxebizitza beharrari erantzutea” hartu ditu lehentasun gisa egungo alkate eta EAJ-PNVren alkategai Leire Artolak gidatutako zerrendak.

rss Ezagutzera eman
Esperientzia, berrikuntza eta aniztasuna uztartzen dituen hautagaitza plazaratu du Beasaingo EAJk

ARGAZKIA JAITSI

Egungo herriko alkatea, Leire Artola, buru duen hautagaitza aurkeztu du gaur arratsaldean herritarren aurrean Beasaingo EAJ-PNVk. Esperientzia, berrikuntza eta aniztasuna uztartzen dituen hautagaitza da, azken legealdian udal gobernuan lanean aritu diren zenbait zinegotzi eta hainbat izen berri plazaratzen dituena, herriaren alde “arduraz eta hankak lurrean ditugula” lanean jarraitzeko konpromisoarekin. “Industria eta ekonomia sustatzea, pertsonen ongizatea babestea eta etxebizitza beharrari erantzutea” jo ditu lehentasun gisa Artolak datorren legealdirako eta, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen ondoren ere, herritarren arazoak “entzun, ulertu eta irtenbidea emateko” buru-belarri lanean jarraitzeko prestutasuna adierazi du.

“Gertutasuna, ezagutza eta lana, lana eta lana” eskaini die Artolak beasaindarrei, Joseba Egibar GBBko presidentearen partaidetzarekin burutu den ekitaldi batean. Azken urteotan “hitza bete” izanaren bermearekin aurkezten da alkategai moduan. Horren lekuko, Beasainen ITV-IAT zerbitzua ezartzea lortu izana, Urbiberri gizarte etxe berria edota Ezkiaga auzoan Oria ibaiaren uholdegarritasun arazoei aurre egiteko obren hasiera.

“Argi daukagu zein Beasain eraikitzen jarraitu nahi dugun. Gure industria da gure ongizatearen oinarri eta sostengua. Ekonomia sustatzea eta ongizatea, txanpon bereko bi aldeak dira. Hor dago gure etorkizunaren oinarria, gure gazteak trebatu, helduak zaindu eta herritarrei pozik bizitzeko baldintzak eskaintzea. Gure seme-alabak Beasainen bizi daitezen nahi dugu. Horregatik, etxebizitza aukera areagotzeko lanketan jarraituko dugu, etxebizitza beharrari erantzun eta emantzipaziorako bideak erraztuz”, gehitu du.

Horretaz gain, herria “txukun” mantentzeko eta herriko baliabideak “arduraz” kudeatzeko konpromisoa berretsi du Artolak. “Hitzetatik harago, alderdi bakoitzak egindakoa da erakuslehio ederrena, herritarrek ikusi, aztertu, hausnartu eta bozka eman dezaten”, nabarmendu du eta EAJ-PNVren eredua aldarrikatu du: “Eguneroko txingurri lana da gure ardura. Hori da ziurtatzen duguna. Lana, lana eta lana. Eta herriari zor diogun arduraz jokatzea”, laburbildu du.

Joseba Egibarrek, GBBko presidenteak, “populismoen” aurrean adi egotera dei egin du, “populismoa ez delako bakarrik kanpoan, Frantzian edota Alemanian gertatzen den gauza bat”. “Hemen ere badauzkagu populistak, ‘zenbat eta okerrago, hobe niretzako’, pentsatzen dutenak. Horien aurrean ezetz esaten dugu: zenbat eta okerrago, okerrago guztiontzat”, gogoeta egin du.

Testuinguru horretan kokatu du ezker abertzaleak udal eta foru hauteskunde hauetan hartu duen estrategia. “Ez dute gurekin proiekturik alderatu nahi. Beren iragana izkutatzen dute, ez delako eraikitzailea, hein handi batean suntsitzailea delako. Kanpaina honetan desagertu egin dira eta eskatzen diegun bakarra da esatea zer nahi duten herri honetarako, zein proiektu daukaten esan dezatela herritarren aurrean, ez daitezela izkutatu”, kritika egin du.

Gogoratu duenez, Gipuzkoa da euskal lurraldeen artean “orekatuena, aurreratua, solidarioa, euskalduna, abertzalea, dinamikoa eta exigentea”. “Gipuzkoa lurralde bikaina da. Zeinek ekarri du herri hau honaino?”, galde egin du, EAJ-PNVren ibilbidea nabarmenduz, eta EH Bilduk kudeatutako hainbat udalerrirekin alderatu du egoera hori, zeinetan “etorkizuneko desafioen aurrean”, herri proiekturik gabe “atzera egiten” ari diren.

Ezker abertzalearen proiektu faltaren aurrean, Egibarrek EAJ-PNVren eredu sendoa kontrajarri du. “Harrokeriaren aurrean, guk apaltasuna. Itxurakeriaren aurrean, benetakotasuna, eta kopiaren aurrean, orijinala. Gure proiektua argi eta garbi aurkezten ari gara, gure eredua hori da”, azaldu du.

Beasaingo EAJ-PNVren hautagaitzako kideak:

Leire Artola Ugalde

Adur Ugartemendia Leunda

Ainhoa Arrese Arratibel.

Mariola Pascual Paredes.

Edorta Díaz del Río.

Maria Elena Ruiz Zabala.

Michel Ventureira Irizar.

Olatz Arrese Imaz.

Aitor Aldasoro Iturbe.

Juan Miguel Ayestaran Barandiaran.

Mireia Yurrita Semperena.

Mikel Plazaola Oyarzabal.

Diana Paola Rubiano Meza.

Gorka Berasategi Santos.

Ana Isabel Ayestaran Irastorza.

Xabier Iraeta Otamendi.

Enkarni Arrieta Telleria.

Ordezkoak

Asier Arrese Zabala.

M. Aranzazu Aseguinolaza Azcargorta.

Patxi Plazaola Muguruza