Prentsa Aretoa
2021/09/23
12 herritan hasiko da Udal Etorkizuna Eraikiz, bere udalei esperientzia “kode irekian” helaraziz
Andoain, Azkoitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Irun, Legazpi, Oñati, Errenteria eta Zarautzen jarriko da martxan esperientzia
Etorkizuna Eraikizek “kode irekian” partekatuko ditu bere eredua eta filosofia Gipuzkoako udalerriekin, udal bakoitzak antzeko lankidetza-gobernantzako prozesuak abian jarri ahal izan ditzan maila lokalean. Udal Etorkizuna Eraikiz izena hartu du ekimenak, eta helburu nagusia Etorkizuna Eraikizen ekintza esparrua zabaltzea eta Gipuzkoan ikaskuntza-komunitate bat eratzea da, lurraldeak bere potentziala biderkatu dezan, etorkizuneko erronkei aurre hartu eta erantzunak emateko. "Aldundiak Etorkizuna Eraikiz esperientzia partekatu nahi du udalekin, baina, batez ere, udalen eta Foru Aldundiaren arteko lankidetza-sare bat eraiki nahi du, proiektu komun bat entzuten, ikasten eta kolektiboki erabakitzen jarraitu ahal izateko: Gipuzkoa", esan du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.
Esperientzia lurralde horretako udalerri adierazgarrien hautaketa batean hasiko da aplikatzen: Andoain, Azkoitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Irun, Legazpi, Oñati eta Zarautz. Udalerri horietako alkateak Udal Etorkizuna Eraikizen lehenengo osoko bilkuran izan dira gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian dagoen Gunea espazioan egin dena. Bileran honako hauek parte hartu dute: diputatu nagusia bera eta Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatua. Udalen partetik, Maider Lainez Andoaingo alkatea, Ana Azkoitia Azkoitiko zinegotzia, Leire Artola Beasaingo alkatea, Gilen Garcia Debako alkatea, Ana Telleria Eibarko zinegotzia, Ane Beitia Elgoibarko alkatea, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Koldobike Olabide Legazpiko alkatea, Izaro Elorza Oñatiko alkatea eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea egon dira.
Aliantza horren bidez, Udal Etorkizuna Eraikizek proiektuan parte hartzen duten erakundeen arteko entzute eta ikaskuntza partekatua areagotu nahi du, bai eta udalek abian jarritako elkarlaneko gobernantzarako mekanismo edo tresna guztiak jaso eta balioetsi ere. "Ezagutza partekatzea eta sortzea da helburua, eta kultura politiko berri bat eraikitzen joatea, entzutetik, hausnarketatik, ikaskuntzatik eta esperimentaziotik abiatuta", nabarmendu du Olanok. Gainera, ekimenaren "garrantzian" jarri du azpimarra, "demokrazia indartzeko" eta herritarren eta erakundeen arteko "arrakala gainditzeko" helburu partekatuan.
Prozesuaren hasieran, egoeraren diagnostiko partekatu bat egingo da, Etorkizuna Eraikizekin lotutako beharrak, eskaerak eta esperientziak bilduko dituen ekintza-plan bat diseinatu ahal izateko. Ondoren, udalerri horietan esperientzia pilotuak abiaraziz gauzatuko da plan hori eta, ekimena arrakastatsua bada, lurraldeko gainerako udalerrietara hedatzen joango da gradualki.
Hurbilen dauden erakundeak
Olanok gogorarazi duenez, udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak, gipuzkoarren "kezkak hobekien ezagutzen dituztenak", eta horrek herritarren eta publikoaren arteko "zubi" bihurtzen ditu. Zentzu horretan, azaldu du udal esperientziek Udal Etorkizuna Eraikizera egin ditzaketen ekarpen eta ikaskuntzek proiektu osoa eta, hedaduraz, Gipuzkoako etorkizuneko agenda indartzen lagunduko dutela. "Etorkizuna Eraikiz programaz hitz egiten dugunean, beti esaten dugu gure etorkizuneko erronkei guztion artean, elkarlanean, aurre egin nahi diegula; eta bide horretan, ziur nago udalek funtsezko papera jokatuko dutela", babestu du.
Horrela, Udal Etorkizuna Eraikizek lan egingo du "komunitatea sortzeko" eta ahalik eta pertsona gehien erakartzeko Gipuzkoako "eraldaketa-proiektu komunera", 2030 Agendarekin lerrokatuta dagoena. Aldi berean, ekosistema bat sortzea eta lankidetzako gobernantza aurreratzaileari buruzko ikaskuntza-eredu bat sortzea bilatuko du, non udalek lidergo-rola jokatuko duten "Gipuzkoaren etorkizunari buruzko ikuspegi partekatua errealitate bihurtzeko". "Udal Etorkizuna Eraikizek balio publikoa sortuko du, eta Etorkizuna Eraikizen irismena 12 udalerri horietara zabalduko du lehenik, eta Gipuzkoako 88 herrietara gero", azpimarratu du foru arduradunak.
Nabarmenak...
Goierri
2024/03/22
Goierri
2024/03/15
EBB
2024/01/27
Beasain
2023/11/07
Berri ikusiagoak...
Beasain
2023/05/03