Beasain

Prentsa Aretoa

2021/07/28

Gipuzkoako Azoken Sareak badu merkatuak sustatzeko plan estrategikoa

Gaur aurkeztu da plana Tolosako Zerkausian; bertan izan dira sustatzaile diren Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Landaola, Elika Fundazioa eta 17 udalerritako ordezkariak

rss Ezagutzera eman
Gipuzkoako Azoken Sareak badu merkatuak sustatzeko plan estrategikoa

ARGAZKIA JAITSI

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin, Landa Garapen Elkarteekin eta Elika Fundazioarekin elkarlanean lurraldeko herrietako azokak aztertu, indartu eta hauen etorkizuna bermatzeko helburuarekin Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoa jarriz zuen martxan urtarrilean, eta gaur, hilabete hauetako lanketaren ondoren, plan estrategikoa aurkeztu dute.

Tolosako Zerkausian izan da aurkezpen ekitaldia eta bertan izan dira, sustatzaileez gain, hausnarketa eta partaidetza prozesuetan ibili diren 17 udalerritako ordezkariak ere: Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Mutriku, Ordizia, Oñati, Tolosa, Zarautz eta Zumarraga.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek eta Jaurlaritzak, bitarteko eragileekin batera (Landa Garapeneko Elkarteak eta Elika Fundazioa) urteak daramatzate hurbileko nekazaritza eta merkaturatze-zirkuitu laburren alde lanean, bide berriak aztertuz ekoizleek etekin ekonomiko handiagoa izan dezaten, eta egitasmo hau, bide berean, azokei bultzada bat emateko sortu da.

Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak nabarmendu du “prozesu hauen bidez azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak, eta ekintza planak adostu direla; eta guztien artean ikuspegi orokor bat landu dela ‘Gipuzkoako Azoken Sarea’ lortzeko helburuarekin”. “Gipuzkoako Foru Aldundian gure produktuei balio erantsi handiagoa emateko lanean ari gara, horiek eraldatuz eta berrituz, eta tokiko produktuen eta hurbileko salmentaren garrantzia nabarmenduz. Bide horretan, ekimen hau ere bultzada bat izango da” adierazi du Arrutik.

Javier Plasencia, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak nabarmendu du “une egokia dela ekimena hau aurrera eramateko, Europatik ekoizleen alde datorren joera dela eta”. “Europako Batzordeak, Europako Itun Berdearen esparruan, onartu berri duen Baserritik Mahaira estrategiak elikagaien segurtasuna eta dieta osasuntsuak eskuratzea babestuko duen elikadura-sistema jasangarrirako trantsizioa defendatzen baitu”. Plasenciak gaineratu du “estrategia hori Euskadiko gobernu-planean txertatuta dagoela, eta elikagaien ekoizpen jasangarriagoa, osasungarriagoa eta seguruagoa bultzatuko duela, elikadurarekin gero eta sentikorragoak eta zorrotzagoak diren herritarren eskakizunei erantzungo diena, eta gure produktuekiko eta sektorearekiko hurbiltasuna eta konfiantza baloratuko dituena”.

Plan estrategikoak bost ardatz nagusi ditu: Gobernantza, azpiegiturak eta zerbitzuak, etorkizuna eta sarearen dinamizazioa eta komunikazioa. Ardatz bakoitzaren lan ildoak ere definitu dira, mahaien osaketa, azpiegituren eguneraketa, digitalizazio proiektuak eta promozio ekintzak, esaterako.

Gipuzkoako Azoken Sarea proiektua, udalerri bakoitzeko azokaren beharretara egokitu da eta azoka osatzen duten eragile ezberdinen partaidetzarekin garatu da.