Beasain

Prentsa Aretoa

2020/11/16

Erosketak herrian egitera bultzatzeko pizgarriak

Bareak merkatari elkarteak azaroko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du udal arduradunek lagunduta. Beasaingo Udalak ostiralean banatuko ditu atxikitako saltokien artean Beasainen erosketak sustatzeko bonuen bigarren kanpaina.

rss Ezagutzera eman
Erosketak herrian egitera bultzatzeko pizgarriak

ARGAZKIA JAITSI

Erosi Beasainen lelopean, aurkeztu dute Bareak Beasaingo merkatarien elkarteak eta Beasaingo Udalak elkarlanean erosketak Beasainen egitera bultzatuko duen sentsibilizazio kanpaina. Udalak tokiko merkataritzarekin eta saltokiekin bat egiten du helburu horretan. Honela, erosketak udalerrian egitea bultzatuko duen bonuen banaketa hasiko du ostiralean kanpaina honi atxikitako saltokietan. 

Bareak elkarteak bere aldetik eta azaroaren amaiera bitartean, elkartea osatzen duten denda eta saltokietako bezeroen artean 10 euroko 20 erosketa txeke zozketatuko dituzte egiten diren erosketa guztien artean. 

Kontsumoa sustatzeko laguntza bonoak

Udan egin bezala, ostiralean banatuko dira saltoki eta dendetan kontsumoa eta erosketak Beasainen egitea bultzatuko duten bonoen txanda berria. Bonoak kanpaina honetara atxikiko diren udalerriko zerbitzu sektoreko merkatal saltoki guztietan banatuko dira. Aurrekoen funtzionamendu berbera izango dute; 7.500 bono izango dira. 30 euroren truke 50 gastatu ahal izango dira (Udalak 20 eurorekin lagunduko du bono bakoitza). Guztira 150.000 euroko diru laguntza zuzenduko du bonoen kanpaina honetara Udalak eta abenduaren 31a bitartean erabili behar izango dira. 

Gogoan izan behar da, aurreko bono banaketari esker, Udalak ia 120.000 euroko diru laguntzarekin udalerrian 300.000 euroko gastua eragin zuela merkataritzan. Bonoak orduan itxita egondako dendei bideratu zitzaien. Oraingoan berriz guztiei eman zaie aukera.

Garapen ekonomikoaren eta sozialaren giltzarri

Agerraldian bai merkatal ordezkariek zein Udalaren izenean merkataritza arloko arduradun eta alkateorde den Leire Artolak, udalerriko denda eta saltokietan erostearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. 

Beasaingo merkataritza, beasaindarren ongizaterako ezinbesteko bihurtzen duten hainbat faktore nabarmendu dituzte.

Beasainen erosteak herritarrengan inbertitzea esan nahi du zuzenean egiten dielako mesede erosleei. Herriko dendetan kontsumitzea formula erraza da tokiko susperraldirako. Inbertitzen den diruak inguruan zirkulatzen jarraitzen du, inguruetako oparotasun ekonomikoari lagunduz. Horregatik, herriko negozioetan erosketak eginez kontsumoa aktibatzeak denda horiek ez desagertzea ekarriko du.

Enplegua sortzen dute. Enpresa txikiak dira langile gehien kontratatzen dituztenak, nahiz eta krisiak gehien kolpatzen dituenak ere izan.

Beasain erreferentziazko gune bihurtzen dute. Beasain leku aipagarri bihur dadin, zerbitzu edo gune batzuk eskaini behar ditu jendea bertara etorri dadin. Irisgarritasun errazeko parkeak, berdeguneak eta ikastetxeez gain, merkataritza-guneak dituen herri bat askoz ere interesgarriagoa da herritarrentzat.

Kalitatea eta gertutasuna. Tokiko merkataritzak kalitatezko produktuen eta tratu pertsonalizatuaren alde egiten du. Mostradorearen atzean espezialista bat dago, eta ez du aholkatzeko presarik. Gainera, ahal duen guztia egingo du onena emateko, bezeroa itzultzea nahi baitu. Eta askotan, belaunaldiz belaunaldi pasatzen den negozioa ere bada.

Ehun soziala indartzen du, egunerokotasunaren eta ohituren topalekuak dira komunitatearen azken berriei buruz jakiteko. Beasaindarren izaera definitzeko funtsezkoa. Gertutasunak segurtasuna ere ematen du, autonomiarako bidea kaleei bizia emanez. Herri egiten laguntzen dute saltoki txikiek.