Beasain

Prentsa Aretoa

2020/01/10

Legealdirako Kudeaketa plana aurkeztu du udal gobernuak

Gertutasunetik, herritarren beharrei erantzuten jarraituko du lanean udal gobernuak datorren aginte aldian; egindakoari balioa eta jarraipena emanez eraginkortasuna eta etengabeko hobekuntzaren bitartez

rss Ezagutzera eman
Legealdirako Kudeaketa plana aurkeztu du udal gobernuak

ARGAZKIA JAITSI

Herritarren beharrei, gertutasunetik eta eguneroko lanarekin erantzuten jarraitzeko konpromisoari eutsiko diola udal gobernuak aipatu du Aitor Aldasoro alkateak 2019-2023 legealdiaren kudeaketa planaren aurkezpenean. Gobernu taldeak, etorkizuneko Beasain eraikitzeko beharrezko baldintzak sortzeko udal baliabideak eraginkortasunez, gardentasunez eta gertutasunez herritarren parte hartzearekin kudeatzeko asmoa adierazi du.

Gobernu taldeak, sail bakoitzeko buruen bitartez, elkarlanean landutako legealdiko helburu espezifikoak eta egitasmo nagusiak azaldu ditu. Legealdi honetako kudeaketa plana bost ardatz estrategiko izango ditu; gobernu onaren kudeaketa eredua, jarduera ekonomikoa eta tokiko enplegua, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea, eta herri nortasuna eta jasangarritasunaren baitan ingurune zaindua duen udalerri atsegin, eroso eta irisgarri bat eraikitzea.

Enplegua eta jarduera ekonomikoaren sustapena

Alkatearen esanetan, herriaren aurrerabidea sostengatzen duten oinarrietako bat, bai azpiegituretan, bai bertako herritarren ongizatean, enpresa eta merkataritza ehunaren alde egitea da. Horretarako, legealdian zehar, prestakuntza, merkataritza-dinamizazioa eta enpresa-lehiakortasuna bezalako alderdiak modu koordinatuan bultzatuko dituzten laguntzak eraikiko dira.

Udalak enpresen sorrera bultzatzeko enplegua, prestakuntza eta merkataritzaren dinamizazioa sustatzen jarraituko du, herriaren garapen ekonomikoan laguntzeko. Azoken indartzea eta tokiko merkataritza babesteko laguntzak izango dira ekimen nagusiak. Langabeziari aurre egiteko formazio espezifikoaren sustapena eta tokiko enpresen beharrak atzemateko lan dinamikak indartuko dira.

Udal administrazio eraginkorragoa herritarren zerbitzura

Udala eta herritarren arteko harremana eta komunikazioa indartzea eta erraztea ezinbestekoa da gertutasuna adierazi nahi bada. Eguneroko zereginaz informatzea, eskura dauden zerbitzuak eta abian jarriko diren berriei buruzko jakin beharreko guztiaz jakinaraztea izango du helburu Udalak eta horretarako tresna eta baliabideak jarriko ditu, antolakuntza saileko buru den Xabier Matarranzek esan duenez.

Gizartea nabarmen aldatu da, hein handi batean, zientziaren eta teknologiaren garapenaren harira, eta etengabe egokitu behar da testuinguru aldakor horretara, herritarren behar, nahi eta eskariei erantzunik eraginkorrena emateko. Horretarako administrazio eraginkorrago eta hurbilago bat eratzeko baliabide eta bitartekoak jarriko dira, teknologia berriak erabiliz herritarrei informazioa helarazi hauen parte-hartzea bultzatzeko. Horren harira, informazio panelak eta euskarri digitalak eguneratu eta indartuko dira, Igunean herritarrei arreta eskaintzeko zerbitzua gutxienez astean behin arratsaldez emateko aukera irekiko da eta udaltzaingoaren zerbitzua urtean 365 egunetan eskaintzeko baldintzak landuko dira.

Herri nortasuna eta Udalaren irudia eta presentzia dagokion leku eta euskarrietan agertuko du elkarlanaren adierazgarri izan dadin; edonolakoa dela ere udalaren parte hartzea, bai babesle, laguntzaile, antolatzaile edo eragile den kasu bakoitzean. Herrian bertan zein udalerritik kanpo Beasaingo izena hedatzearen aldeko ekimenak sustatuko dira.

Herritarren ongizatea lehentasun nagusia

Zerbitzu inklusiboak bideratu herritarrei babesa eta laguntza emateko eta desabantaila-egoeran dauden beasaindarrei babesa eta laguntza eskaintzeko Elena Ruiz, herritarrak saileko arduradunak, 4 ardatzetan lan egingo dela aipatu du; herritar guztien ongizatea bermatzeko gizarte zerbitzuak eguneratu eta sendotuz, osasunari onura egiteko eta bizi-kalitatea hobetzeko programak bideratuz, berdintasunaren eta ekitatearen alde hobetzeko egitasmoak sustatuz eta atzerritarren gizarteratze-ekimenak bultzatuz. Adineko herritarren beharrak atzematen jarraitzeko bitartekoak jarriko dira, zerbitzu berrien eta daudenak hobetzeko azterketak eta aisia aktiborako plangintzak garatuko dira. Aranealde egoitzaren kokapen berria gauzatuko da honela.

Pertsonaren garatze bidean beasaindarrek beren gaitasun guztiak era orekatuan garatzeko aukera izatea garrantzitsua da udal gobernuarentzat. Hori horrela, heziketaren balio nagusi gisa solidaritatea eta lankidetza sustatuz, sormena garatzeko ekimenak bultzatuz, ingurumenarekiko eta beste bizidunekiko errespetua eta elkarrekiko loturaren kontzientzia zabalduz, baita gure kulturaren sustraien eta nortasunaren balore garrantzitsuak, batez ere gure hizkuntza, babestuz iritsi nahi da.

Hizkuntza ohiturak aldatzen joateko, aisia eta euskara lotuz udaleku irekiak, Aittu euskara elkartearekin hitzarmena, haurrentzako hizkuntza errefortzua eta kultur ekimenen sustapena egingo da. Beasainen bizikidetza garatzen jarraitzeko esku hartzeko egitasmoak indartuko dira, herritarren parte-hartzea eta herritartasun aktiboa sustatu da. Herriko elkarteetako komunitate aniztasuna sustatu nahi du udalak, elkar ezagutu, aitortu eta guztien arteko elkarbizitza sustatzeko asmoz.

Eredu honek xede nagusi du beasaindarren beharrei eraginkorki, efizientziaz, iraunkorki eta berdintasunez erantzutea, egungo errealitatearen zuzeneko ezagutzan oinarrituz, Herritarren kezkak, iradokizunak eta proposamenak jasoz aukera izango da hauen beharrak ezagutzeko, kudeaketan ezagutza eta balioa sortuz eta beharrezkotzat joz kudeaketaren jarraipen egokia egitea.

Etorkizuneko Beasainen hausnartzea eta hori lortzeko erabakiak hartzea

Lurraldea saileko buru Leire Artolak biharko Beasain nolakoa nahi dugun erabakitzeko unea dela azpimarratu du. Horretarako, ezinbestekoa da herrian eta bertako herritarren beharretan hausnartzea, Beasain ahalik eta era jasangarrienean, lehiakorrenean eta eraginkorrenean gara dadin. Udalerriaren ia %90 garatua dago urbanistikoki eta ahalegina, akupuntura urbanoaren filosofian oinarrituz, dagoenaren mantenuan eta egokitzapenean jartzea izango da eginkizun nagusia

Eraikita daukagun Beasaingo hiri-sarea berroneratzeko eta eraikinak birgaitzeko esku-hartzeak indartu eta bultzatuko dira, betiere herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.

Mugikortasun mahaiaren bidez, mugikortasuna bermatuko da arrazoizko denbora eta kostuan, garraio-sistema guztien arteko orekan oinarrituta, garraio publiko kolektiboari lehentasuna emanda eta oinez zein bizikletaz ibiltzea indartuta.

Proiektu eta egitasmoen artean, Igartza futbol zelaia hobetzeko azterketa lana egingo da erakunde eta elkarteekin; irisgarritasunari dagokionez Nafarroa etorbidea eta Oriamendi lotzeko igogailua eta Mateo Mujika eta Arantzazu kaleetako irisgarritasuna hobetzeko azterketa beste hainbaten artean nabarmendu litezke. Dolarea parkearen birmoldaketa, Igartza Oleta kaleko norabide bikoitza ezartzea, Garin auzoko saneamendurako lanak, eta Porteria eremuko urbanizazioa edo Oriamendi kalean burutu behar diren konponketa lanak aztertzea aurre ikusita daude.

Trafiko eta segurtasunarekin lotuta “puntu beltzak” deitzen diren eremuak aztertuko dira konponbideak aurkitzeko; hala nola, Senpereko bidegurutzea, Barrendain plazako biribilgunea, edota kiroldegiko bidegurutzea.  

Ondare naturalaren eta eraikiaren kalitatea hobetzea helburu duten ekintzak egingo dira: bai izadia, flora eta fauna kontserbatzeko zein hobetzeko, bai eta kultura-ondarea eta paisaia babesteko. Eraikinen kontsumo jasangarria, Oria ibaia, mendiak eta landa eremuen mantenua eta garbitasunarekin zerikusia dutenak.

Etorkizuneko Beasain zein izango den jakiteko Plan Orokorraren idazketa burutuko da (HAPO) bertan aurre ikusiko dira trenbide eremuaren zabalgunea eta beste hainbat eremuen etorkizuna.

Next Euskadi