Beasain

Prentsa Aretoa

2019/05/16

Beasain, herri atsegina, inguru zaindua eta jasangarritasuna

Helburu horiek lortzeko proiektu esanguratsuak dituzte esku artean jeltzaleek: Dolarea parkearen berritzea, Igartza Oletan norabide bikoitza berreskuratzea, Gernika pasealekuan aparkaleku gehiago sortzea, San Inazio kalearen berritzea eta Oriamendiren txukunketa, irisgarritasuna hobetzeko igogailu berrien eraikuntza eta biribilgune berriaren sorrera herri sarreran

rss Ezagutzera eman
Beasain, herri atsegina, inguru zaindua eta jasangarritasuna

ARGAZKIA JAITSI

Gaurkoan hirigintzari, ingurugiroari eta jasangarritasunari lotutako ardatza aurkeztu du Aldasorok, datozen urteetan eraldaketa izugarria jasango duen eremu batean, Ezkiagako auzoan, alegia.

“Duela 4 urte Ezkiagako uholdegarritasun arriskuari irtenbidea emateko eta burdinbide gunea eskuratzeko konpromisoa hartu genuen; legealdi honetan hainbat bilera egin ditugu Adifekin eta gure ordezkariek Madrilen egindako lanari esker Gobernu Zentrala azterketa lan bat egiten ari da. Beraz, pausoak eman ditugu eta  datozen urteetan lanean jarraituko dugu burdinbide gunea eskuratzeko, ondoren herritarrekin elkarlanean erabakiko dugu espazio horri zein erabilera eman”.

Porteriari dagokionez, “CAF dagoeneko eraikin berria egiten ari da eta beraz datozen urteetan eraldaketa izugarria izango du auzoak” azaldu du EAJko alkategaiak. Adierazi duenez, lehendabizi uholdegarritasun arriskuari konponbidea emango zaio, ibaiaren ibilgua zabalduz eta eraisketa lanen ondotik, eremu osoa berurbanizatuko da. “Errepidearen bi noranzkoak berreskuratuko eta espaloiak ere zabalduko ditugu erosoagoak izan daitezen, betiere, bidegorria mantenduta; zubi berria ere eraikiko da eta auzoaren biziberritzearen baitan Olaran eraikina egokitzeko urratsak egiten jarraituko dugu eraikinari zein erabilera eman aztertzeko eta legealdi honetan martxan jarritako tokiko produktuen azoka ere indartuko dugu datorren legealdian”. 

Pertsonak hirigintza proiektuen erdigunean:

“Legealdi honetan askotan esan dugu oinezkoei protagonismoa eman nahi diegula gure kaleetan eta eremu publikoetan eta horregatik proiektu guztietan beasaindarra kokatu dugu erdigunean” azpimarratu du Aldasorok. “Legealdi honetan landutako zenbait proiektu gauzatuko ditugu datorren legealdian, baina proposamen berriak ere baditugu: Dolarea parkea berrituko dugu parte-hartze prozesuan jasotako ekarpen eta eskakizunak kontuan hartuta; Igartza Oletan norabide bikoitza berreskuratuko dugu eta espaloiak zabaldu boladizo bat eraikiz bidegorria galdu gabe; Gernika pasealekuan aparkaleku gehiago eraikiko ditugu aparkaleku arazoa arintzeko; Oriamendi kalea txukunduko dugu azken urteetan nabarmen egin duelako okerrera; San Inazio kalea berrituko dugu eta herri sarreran, kiroldegiaren alboan, biribilgune berria eraikitzeko lan egingo dugu Foru Aldundiarekin elkarlanean” aipatu du jeltzaleak.

“Irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko ere, kaleak eta espaloiak zaharberritzeaz gain, igogailu berriak ezartzeko aukera aztertuko dugu, adibidez, Oriamendi eta Nafarroa etorbidearen artean bat eraikitzea da gure proposamena” azaldu du Aldasorok.

Legealdi honetan bezalaxe, datozen urteetan ere, landa auzoei eta mantenu lanei modu berezian erreparatuko dietela hitz eman du alkategaiak. “Landa auzoetan hobekuntzak egiten jarraituko dugu bertako bizilagunen behar eta eskariei erantzuteko eta oinarrizko zerbitzu eta azpiegiturak bermatzeko; Agortan, esaterako, mendizaletasunari lotuta erabilera anitzerako etxola eraikiko dugu, legealdi honetan aukera hori jada landu dugu-eta Aizkorri Mendizale elkarte eta Erauskingo auzotarrekin eta Garinen, urak biltzeko proiektua gauzatuko dugu”. “Herri erdigunearen eta landa auzoen arteko elkar ezagutza sustatzeko eta gure eremu naturalak ezagutzera emateko Natur Bideak edota ibilbide berriak sortuko ditugu, San Martin baseliza ingurutik hasi eta Erauskin auzoraino esaterako” gehitu du. “Dagoena balioan jartzea eta zaintzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu eta horregatik gure kaleak, hiri altzariak, errekak, lorategiak garbi eta txukun mantenduko ditugu beasaindarrei herri txukuna, zaindua eta atsegina eskaintzeko.

Amaitzeko, ingurune naturalari eta klima aldaketari erreferentzia egin dio alkategaiak, “ingurune naturala babesten jarraituko dugu eta horretarako Aldundiarekin elkarlanean  basoen kudeaketarako proiektu berritzailea abiaraziko dugu, orain arte egin dugun moduan, eraikuntza eremu urbanora mugatuko dugu eta gure ingurugiroa babesteko neurriak hartuko ditugu energia eraginkortasunaren aldeko urratsak eginez, garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatuz eta ibilgailu elektrikoen erabilera indartzeko horien kargarako guneak ezarriz Beasainen”.

Next Euskadi