Beasain

Prentsa Aretoa

2019/05/10

Industria sendotzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko estrategia argia daukan alderdi bakarra gara

Sektore berriak sustatu eta enpresen lehiakortasuna bultzatzera dei egin du Markel Olanok, lurraldearen “etorkizun industriala ziurtatzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

 Gipuzkoako diputatu nagusirako EAJ-PNVren hautagaiak, Markel Olanok, Goierriko alkategaiak aurkezteko bere jaioterrian –Beasainen– egindako ekitaldian hartu du parte gaur arratsaldean. Bertan, GBBko lehendakari Joseba Egibar eta herriko alkategai Aitor Aldasororekin batera, gipuzkoar gizartearen “ongizatea bermatzeko bidea lurraldeko industria eta ekonomia sendotzen jarraitzea” dela azpimarratu du. “Lau urteotan industria berraktibatu egin da eta ekonomia eta enpleguak trakzionatzeko gaitasuna erakutsi du –nabarmendu du Olanok–, baina aurrera egiten jarraitu behar dugu, Gipuzkoak etorkizunean ere industria indartsu bat eduki dezan, ekonomia eta enplegua bultzatuko duena. Lan horri eutsi behar diogu”. 

“Datozen hauteskundeetan Gipuzkoak etorkizuna edo iraganaren artean aukeratu beharko du; lanpostu gehiago eta hobeak sortzeko bide-orri argi baten ala helburu hori lortzeko proposamen gabeziaren artean; herritarrekin elkarlanean aritu ala bizkarra ematea”, kontrajarri du egungo diputatu nagusiak, zeinek gizarteari eskaini dion EAJ-PNVren “kudeaketa eraginkorra, determinazioa eta lankidetza”. “Alderdi bakarra gara ekonomia eta industria indartzen segitzea xede duen estrategia argi batekin, eta horrela bakarrik lortuko dugu lanpostu gehiago eta hobeak lortzea”, osatu du.

Goierriko hautagaien aurrean egindako hitzetan, EAJ-PNVren zerrendaburuak gogorarazi du “Gipuzkoa orain dela lau urte baino indartsuagoa dela gizarte eta ekonomia alorretan”, Goierriko herri handienetan nabarmena den moduan, zeinetan alderdi jeltzaleak gobernatzen duen gaur egun. Horren lekuko, langabeziak behera egin du %8ra arte eta, modu berean, desberdinkeriak ere atzera egin du. Horren protagonista nagusiak, xehetu duenez, enpresa-ehunak eta gizarte alorreko entitateak egiten ari diren lana eta apustuak dira.  

“Hala ere, gure ekarpena baliotsua izan da”, baloratu du. Adibide gisa, aipatu du Foru Aldundiaren Ekonomia Suspertzeko Planak urtero 3.000 enpresa ingururi lagundu diela, lehiakorragoak eta berritzaileagoak izan daitezen. Aldi berean, Elkar Ekin programak lurralde osoko estrategia bat artikulatu du, pobrezia edo bazterkeria egoeran dauden kolektiboei lanpostu duin bat bilatzen laguntzeko, nahiz prekarietate egoeran dauden langileen egoerari erantzun eta kalitatezko enplegua sustatzeko. Baita ere Deskargako autobidea aipatu du, zeinak “izugarrizko bultzada logistikoa” eskaini dion Deba, Goierri eta Urola Garaiko industria-ehunari. “Horretarako guztirako eragile sozio-ekonomikoekin, enpresekin eta herritarrekin lankidetzan jardun dugu”, gaineratu du.

Olanok, hala ere, “geldiunerik gabe” jarraitu eta Gipuzkoaren etorkizuna irabazteko lan egitera dei egin du. “Guztiok kalitatezko lana eta bizitza eramateko lurraldea nahi dugu, modernoa, berritzailea”, zeinetan industriak matenduko duen bere “izaera ezinbestekoa”.

Etorkizuneko industriak

Xehetu duenez, enpresen jarduna sustatzen jarraitzea proposatzen du EAJ-PNVk, maila guztietan gertatzen ari den “eraldatze sakonari” egokitzen jarraitu dezaten eta modu horretan beren “sustraitzea eta lehiakortasuna” indartsuagoa izan dadin. Horretarako, fiskalitatea, aspiegiturak, eta berrikuntza, nazioartekotzea eta talentuari bultzada ematea proposatu du.

Gainera, “espezializazio adimentsuaren” bidean hasitako ahalegina mantentzearen alde mintzatu da Olano, legealdi honetan Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez egin bezala. “Erreferentzia zentroak martxan jarri ditugu zibersegurtasunean, elektromugikortasunean, 4.0 gastronomian, aldaketa klimatikoan, zahartze osasuntsuan eta ikus-entzunezkoetan. Sektore horiek indartzen jarraitu behar dugu, guztietan talentua eta ezagutza nahikoa pilatzen baitugu enpresa berrien sorrera bultzatzeko eta, gisa horretan, lanpostu gehiago sorrarazteko. Berrikuntzarako dugun potentzial guztia probestea da helburua, modu kolaboratiboan ahaleginak lerrokatzea eta, horrela, etorkizuneko industria berriak gorpuztea”, azaldu du.

EAJ-PNVren lidergoa

GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek, EAJ-PNV izaera soziala eta solidarioa hartu du mintzagai bere hitzaldian eta “gizarte modernoetan elkartasunaren” berme gisa definitu du abertzaletasuna. Eredu hortatik abiatuta, alderdi jeltzaleak herriari eskaintzen dion proiektua “sozialki aurrerakoia, ekonomikoki sendoa eta politikoki demokratikoa eta egingarria” dela nabarmendu du. Horregatik, Europar Batasuneko hauteskundeetara begira, Europak bere baitan dituen “errealitate nazioanalak errespetatu” behar dituela aldarrikatu du, bestela Europar Batasuna ez delako “sendoa” izango, “Estatuen bilduma soila” baizik.

Gipuzkoa eta Euskadira begira, berriz, GBBko presidentearen esanetan EAJ-PNVk dauka “herri honetako lidergoa” eta “ez da izkutatzen”. “Motor nagusia gu garelako, etorkizuna bermatu eta aldaketak gauzatzeko indarra eta akordio gaitasuna daukagulako”, osatu du. Beste aldean, berriz, “alternatibarik gabeko” ezker abertzalea kokatu du, zeinek, bere ustez, beldur dion EAJ-PNVrekin gai sozialetan akordioak lortzeari, bere “bigarren porrot estrategiko eta politikoa” aitortzea esan nahiko lukeelako horrek. “Beraientzat lehen porrota izan zen estrategia politiko-militarrari uko egin beharra, bide politiko eta demokratikoen alde. Bigarrena litzateke onartzea gure eredu soziala; beste batzuekin batera, jakina, baina bereziki EAJ-PNVk gauzatutakoa onartzea eta aitortzea, alegia”, azaldu du.   

Beasaingo alkategaiak, Aitor Aldasorok, azken legealdian egindako “kudeaketa eraginkorra eta arduratsua” nabarmendu du. Horren lekuko, lau urteotan Sasietako Mankomunitatearen zorpetzea gainditu eta berriro irabazi-egoeran jarri izana. “Goierrin prest jarraitu behar dugu enpresa eta zerbitzu berriak erakartzeko. Sortzen diren beharrizanei aurrea hartu eta garbi eduki zein den iparra, eskualdera zerbitzu eta balio erantsia ekartzeko”, adierazi du egungo alkate beasaindarra.

Next Euskadi