Beasain

Prentsa Aretoa

2019/04/05

Legealdiaren balorazio positiboa hauteskunde programaren %80a gauzatuta

Aitor Aldasoro alkategai jeltzaleak zenbait datu azpimarratu ditu: “langabezia tasa 2,7 puntu jaitsi da eta 198 langabetu gutxiagoa dago herrian; azken urtean gizarte inbertsiora 750.000 euro gehiago bideratu ditugu eta legealdi osoan zehar 290.000 euro baino gehiago zahartzaro osasuntsua sustatzeko; guztira, 16 milioi euro inbertitu ditugu beasaindarrei herri atseginagoa eta kultur, kirol eta euskara alorretan aukera berriak eskaintzeko helburuarekin”

rss Ezagutzera eman
Legealdiaren balorazio positiboa hauteskunde programaren %80a gauzatuta

ARGAZKIA JAITSI

2 hilabete barru amaituko da 2015-2019 legealdia eta Beasaingo EAJ-PNVk udalaren gidaritzan egindako lanaren balorazioa egin nahi izan du. Jeltzaleek balorazio positiboa egin dute, duela lau urte herritarrei aurkeztutako programaren %80a betetzeko gai izan direlako. Aitor Aldasorok, datozen udal hauteskundeetarako alkategai jeltzaleak, adierazi du 4 urte ez direla nahikoak proiektu guztiak gauzatzeko, “baina pozik gaude egindako lanarekin, emandako hitza bete dugu eta hainbat proiektu gauzatu ditugu, betiere gure lanaren erdigunean pertsonak eta beren ongizatea kokatuz”. Programan jasotako proiektu batzuk Dolarea parkearen berritzea, Olaran eta Bonberia eraikinaren aktibazioa edota Gipuzkoa plaza eta Arana kalearen arteko zubia gauzatzeko edota martxan jartzeko denborarik izan ez dutela aitortu du alkategaiak.

“Enplegua sustatzea, pertsonen ongizatea bermatzea eta herritarrei aukera berriak eta eremu atseginak eta irisgarriak eskaintzea izan dira gure lehentasun nagusiak” berretsi du Aldasorok. “Gauzak horrela, -jarraitu du- tokiko ekonomia indartu eta enplegu aukera berriak sortzeko, hainbat proiektu eta egitasmo jarri ditugu martxan legealdian zehar: Anezka enpresa inkubategia, Coworking-erako diru laguntzak ekintzailetza sustatzeko; formazioa eta lan aukera berriak Enplegu Planaren  bitartez, Goierri Eskola, Goieki eta eta Ikolan lanaldirekin elkarlanean, Baratze Sozial okupazionalak, Arangoitiko plaza berriek sortutako lanpostuak eta merkataritza eta lehen sektorea indartzeko, kanpaina berriak: hileko lehen larunbatetako azoka berezia eta Ezkiaga auzokoa, gaur bertan martxan jarriko dena” jakinarazi du Aldasorok.

“Ekimen horiei guztiei esker, 2,7 puntu jaitsi da langabezia tasa Beasainen.2015. urtean %10,5eko langabezia tasa zegoen herrian eta egun %7,8; 198 pertsona langabetu gutxiago dago beraz” azpimarratu du. Gizarte alorrean ere inbertsio handiagoa egin da azken urteotan, jeltzaleek azaldu dutenez. Azken urtean esaterako, 750.000 euro gehiago bideratu dira gizarte beharretara. “Beharrak aldatuz doaz eta berriak sortzen dira eta herritarrei erantzunik egokiena emateko baliabideak eta zerbitzuak garai eta eskakizun berrietara egokitzea da gure ardura” esan du.

Gizartearen zahartzea aurrean dugun desafio handienetariko bat dela esan du Aldasorok eta hori jakinda, azken urteotan prebentzioari eta zahartzaro osasuntsu eta aktiboari lotutako hainbat proiektu berri abiarazi dituztela jakinarazi du, guztira, 290.000 euro baino gehiagoko inbertsioa eginez. Arangoitin kontzertatutako 15 plaza berriak, herriak adineko pertsonen beharretara egokitzea helburu duen Beasain Lagunkoia egitasmoa, Alzheimer gaitzari aurre hartzeko Goiz Zaindu eta Goiz Alzheimer egitasmoak, kirola kalean egiteko adineko pertsonentzako makinak; Ondo ibili ondo izan irteerak eta kirol orientazio zerbitzua, aipatu ditu, besteak beste, Aldasorok alor horretan.

Guztira, 16 milioi euroko inbertsioa aukera berriak eskainiko dituen herri atseginagoa, irisgarriagoa, biziagoa eskaintzeko:

Tokiko nortasuna indartzeko, kultura eta euskaren erabilera sustatzeko eta Beasain kirolariagoa bihurtzeko hainbat proiektu gauzatu dituztela baieztatu du Aldasorok. Kultur alorrean, esaterako, Igartza Musika Programa, Igartza Musika Beka eta dantzan.eus-ekin sinatutako hitzarmena azpimarratu ditu. “Beasain herri bizia izatea nahi dugu eta kultur egitaraua osatzen eta zabaltzen saiatu gara herritarrei aukera berriak eskaintzeko eta Beasain dantza tradizionalean erreferente bihurtzeko”.

Kirol jarduera sustatzeko eta herritarrei kalitatezko kirol instalazioak eskaintzeko, kiroldegian hainbat inbertsio egin dira: aldagelak, sarrailak elektronikoak, kanpoko igerilekuko itxitura eta belar artifiziala, boxing gunea, rokodromoa, crossfit aretoa edota gimnasio berria. Loinatz futbol zelaian ere belar artifiziala jarri da zelaiaren erabilera areagotzeko, Kalistenia eremua sortu da, arku-tiraketarako gune berria, La Salleko estaldura eta Ezkierdi pilotalekua Eskola Kirolerako egokitu da. “Ez nituzke aipatu gabe utzi nahi, herriko kirol elkarte eta kirolarien lana aitortzeko eta beren lana balioan jartzeko sortutako Beasain Kirol Sariak” esan du Aldasorok.

“Legealdi hasieran ere euskara eta berdintasuna sustatzeko konpromisoa hartu genuen, Hizkuntza Politika saila sortu genuen hasi eta berehala eta gure paisaia euskalduntzeko eta euskaren erabilera kalean indartzeko Hizkuntza Errefortzu Zerbitzua, Euskara kirolean egitasmoa, Bikain ziurtagiria, Garabiderekin hitzarmena, euskarazko lehen kalkulagailua eta euskara maratoia eta euskaraldia sustatu ditugu”. “Berdintasun alorrean ere urrats garrantzitsuak egin ditugula esango nuke, protokolo berriak txertatu ditugu udalean arreta hobetzeko, eraso sexisten aurkako kanpainak eta egitasmoak –Hari Matazak- gauzatu ditugu, eta kirolean parekidetasuna sustatzeko Goierri Goierriri eskainitako laguntza areagotu eta  Aldundiarekin elkarlanean Herrilab proiektua ere jarri dugu martxan, halaber, Iraitz Agirre XVI.mendeko Beasaingo emakumeen inguruko azterketa egiten ari da horien garrantzia ezagutzera emateko asmoz” adierazi du Aldasorok. 

“Herritarrei herri atseginagoa eta irisgarriagoa eskaintzea ere izan dugu helburu eta hori dela eta Nekolalde, Zazpiturrieta eta Zapatari kaleak berritu, bi igogailu berri eraiki ditugu, aparkaleku kopurua handitu eta TAO zerbitzua hobetu dugu ,hezkuntza zentroetan hainbat inbertsio egin ditugu, mantenuari modu berezian erreparatu diogu lorategiak eta errekak garbi eta txukun mantenduz eta hiri altzariak eta haur jolastokiak berrituz eta zainduz; landa auzoetan ere hobekuntzak egin ditugu bertako bizilagunen behar eta eskariei erantzunez; Ezkiaga auzoan ere itsuentzako lehen semaforoa jarri dugu eta sortzen ziren auto ilarak saihesteko semaforoa jarri genuen udaletxera sartu eta berehala. 4 txakur parke sortu ditugu eta Erauskingo plazako lanak ere laster amaituak izango dira. Bestalde, HAPO prozesua ere gauzatu dugu herritarren partaidetzarekin eta Adif-ekin hainbat bilera egin ditugu gure herriaren etorkizuneko garapena bermatzeko”. 

“Eta hori guztia, gobernu ona oinarri hartuta egin dugu, gertutasunetik, gardentasunetik eta elkarlanetik, bai herritarrekin, eragileekin eta baita gainerako talde politikoekin ere”. “Osoko bilkuretan edota gobernu batzordeetan jorratu ditugun gai eta proiektuen %92a aho batez onartu dugu.Kasuen %5ean abstenitu da oposizioa eta %3an bozkatu dute aurka” azaldu du Aldasorok eta bere esanetan “esanguratsuak dira oso datu horiek” . Bestalde, udala herritarrei gerturatzeko eta eraginkorragoak izateko asmoz: udal egitura berria, webgune, aldizkari eta APP berriak aipatu ditu Aldasorok. Amaitzeko esan du: “egindako kudeaketa eraginkor eta zorrotzari esker, udal diru kontuak osasuntsu daude, 10 milioi euroko soberakina du Udalak inbertsio handia eskatuko duten etorkizuneko proiektuei aurre egin ahal izateko, hala nola, Porteria auzoaren berritzea edota herriaren garapena burdinbide gunean”. “Hasieran esan bezala, pozik gaude egindako lanarekin eta ekindako bideari jarraipena ematea da gure nahia, proiektu berriekin, enplegu aukera berriak sortzen, pertsonen ongizatea bermatzen eta kultura, kirola, euskara eta berdintasuna sustatzen jarraitu dezagun” adierazi du.

Next Euskadi