Beasain

Prentsa Aretoa

2018/06/08

Goierri Valley eta Aldundiak estrategiak partekatu dituzte, industriaren lehiakortasuna sendotzea helburu

Goierri Valley enpresa elkarteko urteroko batzarrean parte hartu dute gaur Beasaingo Igartza jauregian Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, industria aliantza hau osatzen duten enpresetako ordezkariekin batera.

rss Ezagutzera eman
Markel Olano

ARGAZKIA JAITSI

Nazioartekotzean eta elkarlanean aurrera egiteko Goierriko enpresek abian jarritako egitasmoa goraipatu du Markel Olano diputatu nagusiak

Orain dela urtebete egitasmoa martxan jarri ondoren, lehen balantzea egin dute Goierriko enpresek, sortutako elkarlanak eragindako onurak azpimarratuz, hala nola beren aktibitatea nazioarteko merkatuetara zabaltzeko garaian.

“Lurralde industriala da Gipuzkoa eta Goierrin, hain justu ere, sektore honen presentzia oso nabarmena da, ez bakarrik daukan pisu ekonomikoagatik, gizartearen egunerokoan eta eskualdearen funtzionamenduan daukan eraginagatik baizik”, adierazi du Markel Olanok. Horregatik, Goierri Valleyren lanak lurralde osorako duen garrantzia azpimarratu du diputatu nagusiak.

“Proiektuaren sorreratik bertatik, Goierri Valleyk Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du. Oso garrantzitsua da horrelako egitasmoak bultzatzen jarraitzea, onuragarria delako aliantza osatzen duten enpresentzat eta, baita ere, lurralderako bere osotasunean. Gure industriaren indarguneak sendotzea dakarrelako, hain zuzen ere, enpresa traktoreen eta enpresa txikiagoen arteko lankidetzaren bitartez”, gogoeta egin du.

Diputatu nagusiaren iritziz, elkarlanaren balioak “oinarrizko papera jokatu dezake eta jokatu behar du gure industriaren lehiakortasuna” bultzatzeko garaian eta, aldi berean, “lurralde sendoago bat eraikitzeko”. “Gure ekonomia ehunaren ezaugarriengatik, izan ere, Goierriko enpresek ekin dioten lankidetza bide hau oso interesgarria da gaur egungo merkatuak eta munduak jartzen dizkigun desafioei aurre egiteko garaian”, osatu du. “Enpresen arteko elkarlan horri esker, ikusgarritasun eta sendotasun handiagoa lortzen ari zarete nazioarteko merkatuetan, eta horrek balio handia du Goierri Valleyko enpresa guztiontzat, txikienentzat zein handienentzat”.

Industria eraldatzeko bidean aintzindari da Goierri Valley, elkarlanean oinarrituz ezagutza konpartitu eta berrikuntzan eragiten dutelako bere kideek, lurraldeko industriaren etorkizuneko lehiakortasuna eta jasangarritasuna bermatze aldera. “Foru Aldundiak ere xede bera ezarri dio bere buruari; Goierriko enpresekin komunean dugun helburua da hori. Horri esker estrategiak eta proiektuak lerrokatu eta sendotzeko aukera dugu”, gehitu du Olanok.

Goierri Valley

Industria aliantza hau berezia da mundu osoan eta 54 enpresek osatzen dute, zeinek salmentetan urteko 2.903 milioi euro fakturatzen dituzten, 41.400 langilerekin mundu osoan eta 39 planta nazioartean, Estatuan dituzten faktoriak kontuan izan gabe. Partner industrial honek laguntza, jarraipena eta kontrola eskaintzen die Goierri Valleyko enpresei. Baita ere, produktu eta soluzio industrial integralak batu, garatu eta kudeatzen dituzte.

Proiektu estrategiko nagusien  artean daude ‘Win&Win’, ETEen etorkizuneko lehiakortasuna bultzeko, enpresa traktoreek antolatutako begirada estrategikoari buruzko jardunaldien bitartez. ‘Munduan’ proiektuak Goierri Valleyren nazioartekotze estrategiaren  definizioan jartzen du arreta; ‘Antena’ egitasmoak enpresentzako behatoki teknologiko gisa lan egiten du, batez ere ‘Smart Mobility’-ren alorrean. Eta azkenik, ‘Elkar Ezagutzen’ egitasmoaren bitartez enpresa traktoreen arteko elkarlana sustatzen da, esperientziak, ezagutza eta gogoetak konpartitzeko eremuak definituz.