Beasain

Prentsa Aretoa

2015/04/10

Herritarren eta eragileen elkarlan eta ekarpena eskertuz

rss Ezagutzera eman

Aitor Aldasoro hautagaia buru duen lan taldeak urte bete baino gehiago darama beasaindarrekin elkarlanean etorkizuneko proiektua partekatu eta garatzen, eta prozesu guzti horretan 200 ekarpen eta iradokizunetik gora jaso dituzte.

Laguntaldeen arteko futbol-txapelketa La Salle-San Jose ikastetxeko atarianGureGipuzkoa.net | Laguntaldeen arteko futbol-txapelketa © EEE mugaturik gabe: Ezezaguna

EAJ-PNVk helburu du beasaindarrei beraiekin elkarlanean eratutako etorkizuneko proiektua eskaintzea, beren benetako beharrei erantzuteko.

EAJ-PNVko alkatetzarako hautagai Aitor Aldasorok eta bere lan taldeak urte bete baino gehiago daramate beasaindarrekin elkarlanean Beasainerako proiektua lantzen eta partekatzen.

Aldasorok azaldu duenez, “denbora guzti honetan herriko kultura eta kirol eragile, zein gizarte eta ekonomia arloko eragileekin bildu gara, baita landa auzokoekin ere, beren kezkak eta beharrak ezagutzeko; haiekin hainbat gai jorratu ditugu, hala nola, hezkuntza, gizarte ongizatea, aisialdia, gaztedia, merkataritza eta ostalaritza, immigrazioa, zientzia, turismoa eta landa eremua”“120 eragile, erakunde eta enpresa ingururekin bildu gara eta 200 ekarpen baino gehiago jaso ditugu” gehitu du.

Pergolak zuri-zuriGureGipuzkoa.net | Pergolak zuri-zuri © CC BY-SA: Xabier Garmendia

Ildo beretik, Aldasorok jakinarazi du jasotako ekarpenak anitzak izan direla eta aitortu du bere lan taldearekin batera jasotako proposamen eta ideia oro aztertzen eta lantzen ari direla.

Besteak beste, Aldasorok zenbait ekarpen nabarmendu ditu: saskibaloiari bultzada ematea udalerrian, kirol honen presentzia areagotzeko ; Porteria auzoko aparkaleku arazoari irtenbidea ematea; merkatari eta ostalari elkartearekin elkarlanean Beasaingo merkataritza sustatzea; urteroko ziklo-kross proba berreskuratzea urtero lizentzia berriak lortzeko helburuarekin; behar bereziak edota mugikortasun arazoak dituzten pertsonei udalerriko jolastoki eta zerbitzuak egokitzea; Eguneko Aspace zentro berria irekitzea; Beasaingo futbol taldearen zelaiko argiztapena hobetu eta bertan, belar artifiziala jartzea; “Beasain lagunkoia sustraietatik” programa martxan jartzea eta Matxinbenta, Astigarreta, Garin, Arriaran, Gudugarreta eta Erauskin auzoekin elkarlana sustatzea gauzatuko diren biziberritze prozesuei bultzada handiagoa emateko.

Astigarreta eta Arriarango UrtegiaGureGipuzkoa.net | Astigarreta eta Arriarango Urtegia © CC BY-SA: Xabier Garmendia

Aldasorok modu positiboan baloratu ditu ekarpenak egiterakoan herritarrek azaldutako jarrera parte-hartzaile eta irekia, eta baita beasaindar norbanakoek egindako ekarpenak ere.

“Hemendik eskerrik beroenak eman nahi dizkiet guztiei egindako ekarpen eta proposamen bakoitzagatik”. Egindako partekatze lan horri esker, EAJ-PNVk beasaindarren beharrei erantzungo dien eta haien nahiak eta iritziak kontutan hartzen dituen proiektu sendo eta itxaropentsua aurkeztu du.

Librea (ume margolariak Igartzan)GureGipuzkoa.net | Librea (ume margolariak Igartzan) © CC BY-SA: Ana Saldaña

Jeltzaleen aburuz, Beasainek indarra galdu du egungo udal gobernuak ez duelako jakin herria suspertzeko proiektu eta ekimen berriak garatzen eta aurrera eramaten. “Jarduera ekonomikoa sustatzea ere ez da EH Bilduren lehentasuna izan, ezta tokiko enpresa, merkataritza eta ostalaritza babestea ere”.

Aitzitik, “gure eredua elkarlanean oinarritzen da, elkarrekin lan eginez enplegu eta etxebizitza aukera berriak eskaintzeko, eta bide beretik ekonomiari bultzada emateko horrela bermatuko baitugu guztiok gure bizi proiektua Beasainen garatu ahal izatea” adierazi du Aldasorok. “Helburu dugu beasaindarrekin elkarlanean osatutako proiektua aurkeztea guztiok proiektuarekin bat egin dezagun, gure udalerriari behar duen aldaketa eta bultzada emateko” amaitu du.