Beasain

Prentsa Aretoa

2014/07/17

Fiskaltzak artxibatu egin du Bildu-k Patxi Plazaola Beasaingo Alkate ohiaren aurka jarritako salaketa

rss Ezagutzera eman

prentsaurrekoa_2014_07_162014ko maiatzaren 21a: Salaketa jartzea.

Koldo Agirrek, Beasaingo alkateakAitor Larburu alkateordearekin batera, Donostiako fiskaltzan aurrez aurre aurkeztu zuen BISTA ALAIko espedientea, Patxi Plazaola Muguruza alkate ohiak egin bide zituen balizko erantzukizun penalak exijitu asmoz, “udalerria kaltetzeagatik, Bista Alaiko kaltetutako etxebizitzen jabeei 230.243,56 € oparituz” argudio hartuta.

2014ko uztailaren 8a: Fiskaltzak salaketa artxibatzea erabaki du, inongo ekintzarik bideratzeko funtsik ikusi ez duelako.

Gipuzkoako Fiskaltzak jaulkitako erabaki honen aurrean, Beasaingo EAJ-PNVk honako ondorio hauek plazaratu nahi ditu:

  1. Berriz adierazi nahi dugu harro gaudela Beasaingo Udalean 2003 eta 2011 bitartean buru egin zuten udal talde guztiek izandako jokamoldearekin, Bista Alaien etxebizitza galdu zuten pertsona eta familiek bizi izan zuten gizarte arazo larri eta konplexuari irtenbide egokia ematea bideratu zutelako.
  2. Fiskaltzak jaulkitako erabakiaren irmotasuna ikusirik, Bilduko Gobernu taldeari Bista Alaiko espedientea behin betiko artxibatzeko eskatzen diogu. Bidenabar, gogora dezagun, prozesu honek gaur arte Beasaingo udal-kutxari 25.000€ inguruko gastua eragin diola, txosten, ordainsari, kontu eta abarretan. Berebat, espedienteari bere horretan eutsiz gero, Udalarekiko hitzarmena izenpetu duten BISTA ALAIko bizilagunak zuzenean egongo dira horren eraginpean, BILDUko egungo Gobernuak agindutako txosten juridikoak berak dioenaren legez (Txostenaren IV. Kapitulua, 3.2, A) eta B) atalak, 53, 54, 55 eta 56. orrialdeak).
  3. Beste behin ere, eta asko izan dira dagoeneko, BILDUk legegintzaldia hasi zenetik beretik “atzerako ispiluaren politika” baliatu duela adierazi nahi dugu; hau da, begirada Beasainen etorkizunean iltzaturik gobernatu, kudeatu eta konpondu beharrean, aurreko udalbatzen kudeaketa gogo gaiztoz zirikatzera mugatu da, etsaiari politikoki izen ona kentzea helburu bakar izanik; eta honi, bestetik, gobernu taldearen lana eragoztea leporatzen zaio. Horretarako, jokamolde bikain eta etikoki txalotzekoa izan duten pertsona eta erakundeen aurkako difamazioa, amarrua eta iraina baliatu dute eta baliatzen dute.
  4. Honenbestez, BILDUri eskatzen diogu, gardentasun informatibo hutsak bultzatuta, beasaindarrei jakinaraz dakiela GIPUZKOAKO FISKALTZAK ebatzitako erabakiaren hitzez hitzeko edukia eta artxiba dezala behin betiko Patxi Plazaola alkate ohiaren aurkako salaketa funsgabea. Erabakia hitzez hitz jakinarazteko eskatzen dugu, ez punturik ez komarik kendu gabe, eta jakina, hain ohikoa duten balorazio politikorik batere erantsi gabe. Eta horretarako, balia ditzala Bista Alaiko espedientea Ministerio Fiskalera igorri zuela jakinarazteko baliatu zituen komunikabide berberak.

Beasaingo EAJ-PNVren Uri Buru Batzarra