Prentsa Aretoa
2012/10/17
Euskara Beasaingo Udalean (eta II).
Neuk idatzitako gutunari erantzun berri dio Aitor Larburu Bilduko zinegotziak.
Gutun horretan eman diren hainbat datu zuzendu nahi ditut hemen.
Hizkuntza zehar-lerrotzat jo genuen aurreko Udalean ardurak izan genituenok eta zehar-lerro izate horrek eraman gintuen Kultura eta Euskara arloak bat egiteko proposatzera, beti ere bakoitzak, Kulturak zein Euskarak, euren teknikari eta eginkizunei eutsiz.
Egitura, lehengoa du beraz Udalak, ez da zuzena plazak amortizatu ditugula esatea. Euskara Teknikari bat izan du Udalak Euskara Sailean, eta Euskara Teknikari bat du Beasaingo Udalak Euskara-Kultura sailean. Eta aldaketa honek Udala indartu egin du euskarari dagokionez, hedatu egin duelako euskararen erabilera Udalean, sail bakar batera lerratua utzi beharrean.
Esan behar da, Euskara Biziberritze Plana garatu zutenak direla egun, bata Euskara eta Kultura sailen buru eta koordinatzaile, eta Hizkuntza Teknikari profila duen Euskara Teknikari bestea. Guretzat hori da zehar-lerrotzea, hizkuntzarekiko ikuspegia zabaldu eta atxikimendua lortzea, hasi administrazioko langileetatik eta jarraitu kirol, kultura, ekonomia edo dena delako eragileekin. Arlo guztietan normalizatzea, alegia.
Atzera begiratu besterik ez dago konpromiso hori geure eginda zenbat euskaldunagoa egin dugun Udala ikusteko.
Ordea, bidean egindakoak agerian uzten du bakoitzarena eta urte eta erdian Bilduren eskutik Beasaingo hizkuntza politikak ezagutu duena ez da inondik ere akuilu lana izan. Borondatea badago, baina hori ez da nahikoa. Eguneroko lana eskatzen du, estrategiak lantzea, atzetik ibiltzea, ardurak hartzea.
Eta egiteko hori ez da udal enplegatuen ardura, agintzen duen harena baizik, eta gurean orain Bilduk du lau urteko honetan horren erantzukizun bete-betea.
Hamar bat urte pasa dira ia, Euskara Biziberritze Plana Jaurlaritzaren itzalean abian jarri zuenetik Beasaingo Udalak. Horretarako Udal Euskaltegiko zuzendaria aritu zen koordinatzaile lanetan, baita bere ondoan Plana garatzeko langilea ere. Legegintzaldi honetan ez du bilera bakarra ezagutu, ez Planeko Aholku Batzordeak ez eta azpibatzorde bakar batek ere.
Ezin dugu etengabe, baliabideen faltan malkotu gure ezina. Baliabideak lehengoak ditu Beasaingo Udalak hizkuntza garatzeko. Arazoa, lehentasun kontua delakoan nago. Ez da nahikoa euskaraz jakitea hizkuntza politikan jarduteko. Lehentasunak bereiztea da kontua.
Hori ordea, oraindik orain, egiteke dago Udalean. Borondateaz gain, bada zer eginik hizkuntzaren edertasuna txertatzeko.
Harri ibiliak goroldiorik ez, esan ohi da gure euskaran. Ez ezazue gure euskara sastraka eta goroldioz estaltzen utz!
Aitor Aldasoro, EAJ-PNVko zinegotzia Beasaingo Udalean.
Nabarmenak...
Goierri
2024/03/22
Goierri
2024/03/15
EBB
2024/01/27
Beasain
2023/11/07
Berri ikusiagoak...
Beasain
2023/05/03