Prentsa Aretoa
2015/04/30
Markel Olano eta Aitor Aldasoro Beasaingo eragileekin elkartu dira
Markel Olanok azpimarratu duenez, EAJ-PNVk Gipuzkoan duen lehentasuna politika egiteko gaur egungo eredua aldatzea da eta, batez ere, herritarrekin eta eragileekin harreman zuzena mantentzea eta indartzea. Aldasorok ohartarazi duenez, Beasainek ekonomia berpiztuko duen proiektu bat behar du, hiribilduko industria- eta merkataritza-ehuna babesteko eta beasaindarrei etorkizun bat eskaini ahal izateko
Markel Olano EAJ-PNVren Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiak amaitutzat jo ditu Gipuzkoako udalerrietan azken hilabeteetan egin dituen bisitak. Bisiten helburua izan da tokiko eragileen eta herritarren arazoak eta beharrak hurbiletik ezagutzea.
Egunean zehar hainbat bilera egin ditu enpresekin, udalerriko kirol-eragileekin eta gizarte-eragileekin, hala nola: Bat-egite, Gurutze Gorria, Asmube edo BKL, eta Bareak merkatarien elkartearekin ere bildu da. Era berean, hainbat bisita egin dituzte: Aspaceren eguneko zentrora, Arangoiti egoitzara edo duela gutxi inauguratu den teknifikazio-zentrora. Bestalde, Aldasorok Markel Olanok Beasainera egindako bisita aprobetxatu nahi izan du bere taldeak datorren legegintzaldirako lan dituen proiektuen berri emateko. Proiektu horien bitartez, herritarren arazoak konpondu nahi dira, herrigunea sustatu, merkataritza-jarduera indartu eta udalerriaren etorkizuneko garapenean bermatu.
Biek adierazi dutenez, topaguneen helburua izan da enpresen, denden, kirol-eragileen eta gizarte-eragileen beharrak eta kezkak zuzenean entzutea. Zentzu horretan, Olanok adierazi du “jendearekin egotea dagokigu, hurbiletik entzun behar ditugu eta arazoak konpondu behar ditugu”. “Gure helburua, jarraitu du, politika egiteko gaur egungo eredua aldatzea da, eta, batez ere herritarrekin eta eragileekin zuzeneko harremanak sustatzea eta mantentzea dugu lehentasun”. Aitzitik, Olanok gaineratu duenez, “ezker abertzaleak gizartearen, eta batez ere enpresen, arazo eta beharretatik urruti dagoela erakutsi du eta nabarmen geratu da ez dela gai Gipuzkoa ekonomikoki gobernatzeko”.
Adierazitakoa kontuan hartuta, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiak ziurtatu duenez, lurraldearen potentzial industriala berreskuratzeko politika ekonomikoak sustatuko ditu, eta gazteen etorkizuna industriarekin zuzenean lotuta dagoela gaineratu du, izan ere, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa ziurtatzen du. Horrenbestez, Olanok argi utzi du EAJ-PNVk enpresa-ehuna laguntzen jarraitzeko konpromisoa duela, funtsezkoa baita herritarrentzat eta, oro har, gizartearentzat. Amaitzeko, Olanok esan duenez, gizarte-zerbitzuak industria-motorraren gaitasunaren mende daude, “enpresa indartsuei esker, baliabideak sor daitezke, eta kalitatezko gizarte-politikekin, baliabide horiek gizartera birbidera daitezke; horregatik, enpresekiko harremanak indartu behar ditugu, lurraldeko gainerako eragile ekonomikoek eta gizarte-eragileek (zentro teknologikoek, prestakuntza-zentroek, unibertsitateek) elkarrekin lan egin eta industria-jarduera sortzeko, enpresa berriak sortzeko eta enplegua sortzeko”.
Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatetzarako hautagaiak, eskerrak eman dizkie eragile beasaindar guztiei eskainitako laguntzagatik. Olanok adierazitakoaren haritik, Aldasorok garbi utzi du ekonomia bultzatzen ez bada ez dela etorkizunik egongo, "ekonomia eta enplegua sustatzea ez da lehentasuna izan egungo gobernuarentzat. Horregatik, hautagai jeltzaleak adierazi duenez, Beasainek ekonomia indartuko duen proiektu bat behar du, hiribilduko industria- eta merkataritza-ehuna babesteko eta beasaindarrei etorkizun bat eskaini ahal izateko
Horrela, Aldasorok ziurtatu duenez, bere taldeak lehentasuna emango dio ekonomiaren sustapenari eta merkataritza eta enpresen sustapenari, izan ere, Beasainen enpresa indartsuak eta merkataritza sendoa edukitzeak aberastasuna ekarriko du etorkizunean. “Beasainek herritarren benetako beharrei erantzungo dieten ekimen eta proposamen berriak behar ditu; horregatik, etorkizuneko proiektu bat landu dugu beasaindarrekin batera, gure herritarrek nahi eta behar dutena kontuan hartuta" erantsi du.
Amaitzeko, Aldasorok esan duenez, “gure helburua Beasaini behar duen bultzada ematea da, izan ere, azken 4 urteetan geldirik egon da eta ez da ideia eta proposamen berririk aurkeztu; guk dedikazio osoarekin lan egingo dugu, beasaindar guztiekin batera, Beasainen aurrera egiteko eta Beasain hazi arazteko, betiere herritarrei entzunez eta beren beharrei gardentasunetik, hurbiltasunetik eta kudeaketa onetik erantzunez”.
Nabarmenak...
Goierri
2024/03/22
Goierri
2024/03/15
EBB
2024/01/27
Beasain
2023/11/07
Berri ikusiagoak...
Beasain
2023/05/03