Beasain

Prentsa Aretoa

2015/04/23

Beasaingo EAJk oinezkoentzako zubia eraikitzea proposatzen du Gipuzkoa plaza eta Arana kalearen artean gune komertzialerako sarbidea hobetzeko

Halaber, alkatetzarako hautagai den Aitor Aldasorok “Bonberia” eraikina erakusketa gela iraunkorrean bihurtzea proposatu du. Proiektu honen bidez, jeltzaleek alde batetik Gipuzkoa Plazako aparkalekua herrigunera gerturatu nahi dute, eta bestetik, beasaindar guztien erabilerarako izango den gune berri bat eskaini

rss Ezagutzera eman
Beasaingo EAJk oinezkoentzako zubia eraikitzea proposatzen du Gipuzkoa plaza eta Arana kalearen artean gune komertzialerako sarbidea hobetzeko

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren alkatetzarako hautagaiak, Aitor Aldasorok, irisgarritasuna hobetu eta herriko merkataritza sustatzeko helburuarekin bere taldeak landuta bigarren proiektua aurkeztu du. Aldasorok azaldu duenez, berak eta bere taldeak denbora daramate Beasainentzat interesgarriak izango diren proiektuak lantzen eta baita hauek etorkizunean burutu ahal izateko beharrezkoak diren gestioak egiten ere. “Garbi dugu nondik gatozen, non gauden eta norantz joan nahi dugun” esan du. “Proiektu berriak landu behar ditugu, proposamen eta ideia berriak, beasaindarrei etorkizuna duen Beasain eskaintzeko” azaldu du.

Gauzak horrela, bigarren proiektu honek oinezkoentzako zubi baten eraikuntza jasotzen du, Gipuzkoa Plaza eta Arana kalearen artean, bi helburu nagusirekin: Beasaingo gune komertzialerako sarreran irisgarritasuna hobetu eta Gipuzkoa Plazako aparkalekua hiribildura hurbildu. “Uste dugu proposamen honek beasaindarren irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeaz gain, inguruan dagoen merkataritza jarduera ere bultzatuko duela” azaldu du Aldasorok. “Gure lehentasunetako bat da herriko merkataritza eta ostalaritza lagundu eta sustatzea; horregatik, Bareak merkatarien elkartearekin batera kanpaina berriak landuko ditugu eta udaletik proiektu eta ekintza berriak bultzatuko ditugu gure herriko merkataritza establezimenduak indartu eta Beasainen saltoki berriak ireki daitezen” aipatu du. Halaber, hautagaiak adierazi du beharrezko kontsultak egin dituztela Uraren Euskal Agentzian, proiektu hau aurrera eraman daitekeen ziurtatzeko eta proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko.

 Azkenik, herriko alde zaharra indarberritzen jarraitzeko asmoarekin, EAJ-PNVk “Bonberia” eraikina, egun udaleko zerbitzu sailaren biltegia dena, erakusketa gela iraunkorrean bilakatzea proposatu du; jeltzaleek uste baitute ez dela nahikoa guneak indartu eta biziberritzeko oinezkoentzat prestatzea, “Bonberia” gunean gertatu den bezala. “Proposamen honekin, beasaindarrei beraien erabilerarako gune berri bat eskaintzeaz aparte, eremu hori suspertuko dugu , oinezkoen zuzeneko erabilerarako izango den gunea berreskuratu eta handituz herriaren erdigunean” esanez bukatu du Aitor Aldasorok.