Beasain

Prentsa Aretoa

2015/04/16

Beasaingo etorkizuneko garapenari buruzko proiektua aurkeztu dugu

Aitor Aldasorok, EAJ-PNVren alkategaiak, jeltzaleok udalerriaren etorkizuneko hazkunderako landu dugun proiektua aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Beasaingo udalerriaren eta beasaindar guztion etorkizuneko beharrei erantzuteko landu den proiektu eta proposamena dela azpimarratu du.

rss Ezagutzera eman
Beasaingo etorkizuneko garapenari buruzko proiektua aurkeztu dugu

ARGAZKIA JAITSI

Beasain 2030 aurkezpena

Lehenik eta behin, Aldasorok adierazi du, udalerriak gaur egun duen itxura kontuan hartuta, zaila dela Beasain handitzea, bai iparraldetik (malda handiak eta landa-lurzorua dago), bai ekialdetik (Ordiziarekin muga egiten du), bai mendebaldetik ere (industrialdea). “Etxebizitza-eskaria handia dago Beasainen eta ekimen eta ahalmen handiko industria-sektorea du udalerriak hirigunean kokatua; agerikoa da beraz, hirigunean lurzoru gutxi dagoela eta ezinezkoa dela udalerria modu logiko batean garatzea eta zabaltzea; gaur egun, lurzoru ezaren ondorioz, udalerriaren hazkundea sakabanatua, zatikatua eta etena da” adierazi du Aldasorok.

Beasain 2030 aurkezpena

Horregatik, udalerriak etorkizunera begira dituen beharrei eta eskaera sozioekonomikoei erantzuteko, udalerriaren hegoaldera jo behar dela azpimarratu dute EAJ-PNVtik. Zehazkiago, gaur egun burdinbide gunea eta trenbide-instalazioak kokatzen diren espazioa aipatu dute. Aldasorok gaineratu duenez, "modu horretara, Beasainek lurzoru berriak edukiko lituzke, gure herriak etorkizunean edukiko duen etxebizitza berri, espazio libre eta azpiegituren eskariari eta beharrei erantzuteko”. “Hazkunde bateratua, atxikia eta jarraitua lortu behar dugu, eta sakabanaketa ekidin” erantsi du.

Zentzu horretan, EAJ-PNVk aurreproiektu integral bat landu du. Horren arabera, herrigunea zabalduko litzateke, Oria ibaiaren eskuineko ertzerantz, eta bizitegi-eraikin berriak egingo lirateke, gaur egun burdinbide gunea dagoen lekuan, espazioa zerbitzu, ekipamendu komunitario, berdegunea eta gune libreekin hornituz. Jeltzaleek adierazi dutenez, lehentasunezko espazio estrategikoa da, etorkizuneko beharrei erantzuteko egokiena hirigunean kokatua dagoelako. Era berean, aparkatzeko arazoak konpontzeko eta udalerriko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea ere ahalbidetuko luke; “landaguneari espazio gehiago kendu eta gure paisaia kaltetu gabe" gaineratu du Aldasorok.

Proiektuarekin jarraituz, gaur egungo instalazio guztiak eraitsiko lirateke, “la isla” izenarekin ezagutzen den bizitegi-eraikuntza gisa finkatutako dagoena eta anbulatorioaren eraikina izan ezik. Hiri-bilbean integratuko lirateke eta ibilgailuen zein oinezkoen sarbideak hobetuko lirateke. Era berean, bide-egitura nagusia hobetuko eta egokituko litzateke, udalerritik errepideko garraioaren bide nagusietarako iresgarritasuna ziurtatzeko, bai eta udalerri barruko zein beste udalerri batzuekiko komunikazioa ziurtatzeko ere. Zehazki, bideen trazadura aldatuko litzateke —burdinbide gunea 4ra mugatuko litzateke— N-1 errepidearen trazadura hobetuko litzateke eta Beasaingo sarrera aldatu eta lekualdatuko litzateke.

http://www.eajpnvbeasain.eus/wp-content/uploads/2015/04/beasain_2030_00.jpg

Bestalde, aurreproiektuan aurreikusitakoaren arabera, geltoki intermodal bat egingo litzateke, garraiobide desberdinak konektatzeko: trena, autobusa, automobila eta bizikleta. Horrekin batera, Lazkao eta Ordiziarako bidegorriekin lotuta egongo den bidegorri berri bat egitea aurreikusi da. Bestetik, lurpeko aparkaleku handi bat eraikitzea ere dago aurreikusi. Udalerriaren sarreran egongo litzateke, txandakakoa izango litzateke, eta bere kokapen estrategikoa baliatuz, udalerriaren barruko ibilgailuen trafikoa arintzeko balioko luke. Aldasorok adierazi duenez, aurreproiektu honi esker, etxebizitza berriak eraiki ahal izango lirateke —etxebizitza horietatik % 75 babes ofizialekoak izanik, erregimen orokorrekoak zein berezikoak—, etorkizunean udalerriak izango ditzakeen etxebizitzaren eskariari eta beharrari erantzuteko.

Azkenik, Aldasorok azpimarratu duenez, aurkeztu duten aurreproiektuari esker, udalerriaren erdialdeak behar duen zabalkuntza gauzatu ahal izango da: bizitegi- eta hornikuntza-mailako hobekuntzez gain, bide-komunikazioa eta udalerrirako sarbideak hobetukoz, eta are garrantzi handiagoa emango zaio orain arte Beasaingo herrigunearen bereizgarri izan diren erabileren espezializazioari. “Gure udalerriak gaur egun dituen eta etorkizunean edukiko dituen beharrei erantzuteko proposamena da gurea, Beasain herriaren garapena ahalbidetuko duena eta enplegu eta etxebizitza aukera berriak eskainiko dituena” amaitu du Aldasorok.