Beasain

Prentsa Aretoa

2019/05/23

Aitor Aldasoro: “Langabeziari aurre egiteko, enplegu aukera berriak bultzatuko ditugu”

Horretarako, ekintzailetza bultzatu, formazioa eskaini, zoru industriala prestatu, merkataritza sustatzeko ekimen eta zubi berria eraiki eta lehen sektorea babestu eta tokiko produktuen azokak indartuko dituzte

rss Ezagutzera eman
Aitor Aldasoro: “Langabeziari aurre egiteko, enplegu aukera berriak bultzatuko ditugu”

ARGAZKIA JAITSI

Tokiko jarduera ekonomikoa indartzea eta enplegu aukera berriak sortzea lehentasunezkoa izango da, datorren legealdian ere, EAJ-PNVrentzat. Aitor Aldasoro alkategai jeltzaleak, gaur goizean, helburu horri eusteko landutako proposamenen berri eman du.

“Pertsonen ongizateari lotuta, Beasainerako landu dugun programaren ardatz garrantzitsuenetarikoa da tokiko ekonomia eta enpleguari lotutakoa”. “Legealdi honetan gure indarrak enplegu sustapenera bideratu ditugu, enplegua funtsezkoa iruditzen zaigulako herritarrek beren bizi proiektua gauzatzeko aukera izan dezaten, lanak duintzen du pertsona eta autonomia eta gaitasuna ematen dio, eta ekonomia indartsu batek baliabideak sortu eta  kalitatezko gizarte zerbitzuak eskaintzeko aukera bermatzen digu” aitortu du Aldasorok. “Azken lau urteetan 2,7 puntu jaitsi da langabezia tasa Beasainen, baina oraindik langabezian dauden herritarrak ditugu eta horiei aukera berriak eskaini behar dizkiegu ezin bestean,  beren profilak kontuan hartuz, ezin gara beraz, egindakoarekin konformatu, lanean jarraitu behar dugu” azpimarratu du jeltzaleak.

Horregatik, esparru ezberdinetan proposamen zehatzak eta berriak landu dituzte:

• Ideia eta proiektu berriak garatu nahi dituztenentzat laguntzak beren enpresa abiarazi dezaten.

• Langabezian dauden pertsonei lan aukera berriak eskaintzeko profil ezberdinetara egokitutako formazio saioak eta praktikak, Goierri Eskola, Goieki eta Lanbiderekin elkarlanean. 

• Lanbide Heziketa enpresen behar berrietara egokitu eta elkarlan estua inguruko enpresa sarearekin.

• Zoru industriala prestatu zerbitzu eta enpresa berriei lekua egiteko eta enplegu sorrera sustatzeko.

• Zubi berria Arana kalearen eta Gipuzkoa plazaren artean, aparkalekua erdigunera gerturatu eta merkataritza sustatzeko.

• Merkataritza elkartearekin elkarlanean ekimen berriak abiarazi.

• Legealdi honetan martxan jarritako tokiko produktuen azokak sustatu eta indartu ekimen berrien bitartez.

• Tokiko produktuen kontsumoa indartu eta baserritarren ekoizpena eta lana balioan jarri.

• Lehen sektorea babestu eta Aldundiarekin elkarlanean proiektu berritzailea abiarazi ekoizleei erraztasunak emateko.

“Proposamen asko ditugu, alor ekonomikoan, baina baita gainerako esparru guztietan ere, legealdi honetan beharrei erantzun diegu, emandako hitza bete dugu gure programa ia osotasunean bete dugulako, baina etorkizuneko erronkei aurre egiteko proposamenak eta datozen urteetan garatu nahi ditugun proiektuen oinarriak ere landu ditugu, ikuspegi horretatik lan egitea ezinbestekoa iruditzen zaigulako, eta gure programa, beraz, lan eredu horren emaitza da; eraginkortasunaren, planifikazioaren, ideia berriak garatzeko gaitasunaren, gertutasunaren, entzute aktiboaren eta kudeaketa onaren emaitza alegia” azpimarratu du alkategai jeltzaleak.  

 

Next Euskadi