Beasain

Sala de Prensa

14/07/2015

1894-07-14: Sabino Aranak lehenengo aldiz ikurriña zintzilikatuko du

rss Ezagutzera eman

Sabino Aranak argi ikusi zuen, hasiera-hasieratik, Herri baten nortasuna defendatzeko beharrezkoa zela sinboloak erabiltzea, edo sortzea behar izanez gero.

XIX. mendean egun Europan ezagutzen ditugun estatu modernoak eratzen ari zirenean, estatu hauek beraien ikurrak zituzten bezala, Euskal Herriarentzat ere bereak sortzearen beharra ikusi zuen Sabino Aranak.

ikurrina

Hala nola sortu zuen lehenengo ikurra bandera bat izan zen, “ikurrina”, eta horren ostean izen bat, “Euzkadi”, eta “Euzko Abendaren Ereserkia”.

Luis anaiarekin batera asmatutako ikurrina 1894ko uztailaren 14an, arratsaldeko 6etan, astindu zen lehenengoz Euskeldun Batzokijaren irekitze ekitaldian, Bilboko Posta kalean, Boulevardarekin kantoian, 24. zenbakian, 2. solairuan.

Lehenengo ikurrin hau, artilezkoa, Ciriaco de Iturri Urlezaga gudulari karlista beteranoak altxatu zuen. Hurrengo urteko irailaren 12an Espainiako agintariek Euskeldun Batzokija itxi eta ikurrin horren jabe egin ziren.

Hasieran Bizkaiko bandera izateko sortua izan bazen ere, Euskal Herri osoko bandera bihurtu zen.

Arana anaiak Bizkaiak zeukan ikurrean oinarritu ziren, bere ezkutuan. Ikurrinaren atzekaldeko kolore gorria haren traslazioa da, Aranatarrentzat zilar kolorekoa barik gorria izango beharko luke.

Ikurrina2

Gurutze berdea Bizkaiko ezkututik hartutako beste ikur bat da, hots, Gernikako arbolarena. Ander Deunaren gurutzeak Aberriaren askatasuna lortzeko borrokaren berri ematen digu baita IX. mende amaierako bizkaitar eta gaztelatarren artean izandako Arrigorriaga edo Padura bataila, ustez azaroaren 30ean izan zena, gurutze baten gainean martirizatu zuten Ander Deuna Apostoluaren jaieguna. Gurutze zuria beste bien gainetik kokatuta dago eta gizatiarren gainetik jainkotiarren nagusitasun transzendentala adierazi nahi du.

1936ko urriaren 19an, Industria Sailburu sozialista zen Santiago Aznarek proposatuta, Euzkadiko Jaurlaritzak ikurrinari ofizialtasuna eman zion euskal bandera izateko.

Bost egun beranduago, gurutzeen neurrietan aldaketa bat egin zen, jatorrizko diseinuarenak baino zabalagoak bihurtuz (ustez, gerratean erabilitako itsasontzietan hobeto ikusi ahal izateko).